Neguko kirol ikastaroetako izen-ematea zabaldu dute

Ataria 2023ko ira. 7a, 07:57

Hiru hilabeteko kirol ikastaroak antolatu dituzte Ibarrako kiroldegian; interesa duten herritarrek hilak 22a arte izango dute izena emateko aukera.

Udako etenaldiaren ostean, berriro izango dira neguko kirol ikastaroak. Ibarrako kiroldegian zabaldu dute eskaintza eta horietan izena eman nahi duten herritarrek hilak 22a arte izango dute horretarako aukera. Ikastaro guztiek hiru hilabeteko iraupena izango dute.

Posizioaren kontrolaren bitartez gorputz orekatu bat lortu nahi dutenek pilates eta yoga ikastaroak egiteko aukera izango dituzte. Gorputza aktibatuta, jarduera fisikoen bitartez sasoi onean jartzeko helburua dutenek, tonifikazioa, adinekoen gimnasia eta dantza urbanoen ikastaroak izango dituzte aukeran. Intentsitate altuagoko jarduerak egin nahi dituztenek, berriz, cycling, tabata HIIT, HIIT eta boxeoko ikastaroak izango dituzte.

Abonatuek 91,93 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez abonatuek 115,36 euro. Gazte txartela dutenek, berriz, 68,95 euro ordaindu beharko dituzte. Prezio hauei honako hobariak aplikatuko zaizkie, aurreko ekitaldiko zerga aitorpenaren oinarri likidagarriaren arabera: 35.000 eta 30.000,01 tartean bonifikazioa %25ekoa izango da; 30.000 eta 20.000,01 tartean bonifikazioa %50ekoa izango da; 20.000 eta 15.000,01 tartean bonikazioa %80koa izango da; eta 15.000 eta 0 tartean bonifikazioa %90ekoa izango da.

Telegim eta gela polibalentea

Ordutegi hauetan ez den beste ikastaro bat egiteko aukera ere eskaintzen dute Ibarrako kiroldegian. Horretarako telegim eta gela polibalente alokatzeko aukera izango da.

Telegim alokatuz gero, ordutegi hauetan ikastarora joan ezin duten herritarrek, ikastaro bera egiteko aukera izango dute pantalla bidez. Gela polibalentea alokatzen duen erabiltzaileak, berriz, entrenamendu pertsonala egiteko aukera izango du.

Prezioari dagokionez, abonatuek 32,83 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez abonatuek  41,20 euro. Gazte txartela dutenek, berriz, 24,63 euro ordaindu beharko dituzte.

Informazio gehiagorako 943 671 544 zenbakira deituta edo ibarra@bpxport.es helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!