Elkarrizketa

«Etorkizuneko txirrindulari bat bezala ikusten naute Kern Pharma taldean»

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 6a, 11:59

Beste pauso bat emango du Unai Iribar (Ibarra, 1999) txirrindulariak bere ibilbide profesionalean: hurrengo bi urteetan Kern Pharma taldeko partaidea izango da. Aurreko urtean egin zuen debuta profesionaletan Euskaltel-Euskadi taldearekin, eta aurtengoa ere talde laranjarekin bukatuko du.

Nola sortu da Kern Pharma taldearekin fitxatzearena?

Beraien aldetik interesa iritsi zen udaberri aldean. Momentu horretan lehiaketan zentratuta jarraitu nuen; gero, ekaina aldera, kontratu bat eskaini zidaten, eta nire inguruko eta konfiantzazko jendearekin baloratuz, hori onartzea erabaki nuen.

Euskatel-Euskaditik jarraipena eskaini zizuten?

Ekainean hitz egin nuen beraiekin eta jarraitzea eskaini zidaten, baina bi eskaintzak baloratuta, azkenean Kern Pharmarena onartzea erabaki genuen. Betidanik gustatu izan zait Kern Pharma taldeak nola funtzionatu duen; afizionatu mailan nengoenean bere bigarren taldea Lizarte zen, eta pixkana hazten joan dira. Kern Pharma talde profesionala sortu zuten, eta orain bigarren taldeak Finisher du izena. Beti gustatu izan zait nola egin duten lan gazteekin. Oraindik gaztea izanik, 24 urte ditut orain, iruditzen zait aproposa dela aurrerapauso horiek emateko. Esan ohi da aire aldaketa edo talde aldaketa horiek onura ere ekartzen dutela. Lan egiteko beste modu bat, karreran korritzeko beste filosofia bat dute, eta horrek denak bultzatuta erabakia hartu dugu.

Kern Pharmatik esan dizute zer rol izango duzun taldean?

Hasieratik oso interesatuta etorri dira nigana. Etorkizuneko txirrindulari bat bezala ikusten naute. Taldean hiru baja garrantzitsu izango dituzte, hau da, Roger Adria, Igor Arrieta eta Raul Garcia, momentu honetan taldeko hiru liderrak direnak eta World Tourrera salto emango dutenak. Taldearen esperantza da, orain arte eman ditudan aurrerapauso horietan beste bat ematea eta pixkana lasterketen lehian egotea.

Talde giroari dagokionez ez da hainbesteko aldaketa izango, Kern Pharma nafarra izanik, ezta?

Hori da. Euskaltel-Euskaditik Kern Pharmarako aldaketa da, baina bertako txirrindulariak daude, eta betidanik beraiekin korritu izan dut. Jende euskaldun asko dago bai taldean eta bai staffean, eta gainontzeko taldekideak ezagutzen ditut, betidanik beraiekin korritu izan baitut. Alde horretatik ez da izango aldaketa handirik, eta horrek ere errazago egingo du talde berrira egokitzea.

Urtea bukatu arte Euskaltel-Euskadi taldean izango zara.

Bai, txirrindularitzan hitzarmenak urtarrilaren 1tik abenduaren 31 bitarte izan ohi dira. Egia da gure kasuan irail bukaeran amaituko dela egutegia. Ni datorren astean Italiara joango naiz eta bertan lau klasiko egingo ditut. Hurrengo astean ere Italian jarraituko dut, Adriatica Ionica hiru eguneko itzulian. Horrekin bukatuko nuke denboraldia. Beste taldekide batzuk Malaysiara joango dira. Eta horrekin bukatuko litzateke taldearen denboraldia.

Eta gero atsedena etorriko da?

Bai, hiruzpalau asteko atsedena hartuko nuke, eta hortik aurrera, nahiz eta oraindik Euskaltel-Euskadirekin kontratua izan, Kern Pharmarekin lanean hasiko nintzateke.

Zer balantze egingo zenuke Euskaltel-Euskadirekin egin dituzun bi denboraldi hauei buruz?

Balantze positiboa da. Beraiek profesional mailara salto egiteko aukera eman didate, eta alde horretatik oso eskertuta nago. Ez dugu inongo arazorik izan, eta alde horretatik oso kontentu nago, eta pentsatzen dut beraiek ere horrela daudela. Ni pertsonalki pixkana hazten joan naiz kirol arloan. Aurreko denboraldian ihesaldien borrokan aritu nintzen gehiago, eta aurten lasterketa batzuetan lehian izateko aukera izan dut, eta alde horretatik salto hori eman dut. Garapen horrekin jarraituz, espero dugu datorren denboraldian beste saltotxo bat ematea. Hori da kontua: pixkana zure maila hobetu eta ahal den gorena iristea.

Helburu jakinen bat baduzu datorren garai berrirako?

Oraindik gehiago nago zentratuta datorren asteko karrera horietan. Ahal dudan ondoen bukatu nahi dut denboraldia taldearekin, eta gero hiru asteko atsedena hartu, deskonektatu, eta ondoren izango dugu tartea neguan 2024rako helburu horiek ondo finkatu eta talde berriarekin prestakuntza egiteko.

Unai Zubeldia ibartarra datorren urtean Euskaltel-Euskadi taldean izango da. Ez da, beraz, bitxikeri hori gertatuko, hau da, talde berean bi ibartar eta biek Unai izena izatearena.

Polita izango litzateke, baina garrantzitsuena biok tropel profesionalean egotea da. Ezberdintasuna bera laranjaz jantzita eta ni berdez jantzita joango garela izango da. Egunerokotasunean batera entrenatu ahalko dugu. Gorka Sorarrainek ere salto hori eman du Caja Ruralekin, beraz, eskualdeko beste bat Burgos taldean sartzea falta zaigu. Esan bezala, garrantzitsuena tropel profesionalaren parte izatea da eta bertan gozatzea. Kolore ezberdinak izan arren, eguneroko tratua berdina izango da. Alde horretatik txirrindularitzan oso giro ona dago; nahiz eta talde ezberdinetakoak izan, gertuko txirrindulariekin entrenatzen duzu. Beste taldeetako txirrindulariekin harreman politak egiten dira kirol honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!