Bidetxur Mendi Klubak jakinarazi duenez, hauek izango dira aurtengo ekitaldiak izango dituen berritasunak:
- Duatloiaren formatua Korrika + BTT izango da eta ez da hirugarren sektorerik egongo.
- Lehenengoz, duatloiarekin batera, 11,5 kilometroko mendi lasterketa egingo da.
- Era ez lehiakorrean eBikearekin ateratzeko aukera egongo da.
- BTTko sektore onena egiten duenak, saria izango du. Horretarako, bikoteka ateratzea izango da aukera bakarra.
Lasterketan parte hartu nahi duenak; Kirolprobak.com webgunean eman dezake izena.
Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuiturako puntuagarria
Mendi duatloi zirkuitua irailaren 3an hasiko da Igantzin (Nafarroa). Aurtengoa 13. edizioa izango da. Hain justu, Ibarrako mendi duatloiaren berdina. Izan ere, Ibarrakoa Euskal Herrikoarekin batera hasi zen, eta hasieratik zirkuituaren barruan egon da. Eskualdean beste bi mendi duatloi gehiago egongo dira, Euskal Herrikorako puntuagarriak izango direnak: Amasan urriaren 21ean eta Adunan azaroaren 4an.
Irailak 9, Ibarran izango diren proba guztien xehetasunak
Juan Zubia Bidetxur Mendi Taldeko kidea da. Egun handirako oraindik gauzak lotzeko dituzten arren, dena bideraturik dagoela dio: «Uztailean eta abuztuan lana aurrera ateratzea oso zaila da, horregatik, gauza asko eginda daude. Inskripzioak martxan daude, ibilbideak eginak eta jendearen eskura daude... falta dena egiteko modukoa da».
Lau proba antolatu dituzte irailaren 9an:
- Mendi Duatloia bakarka (11,5 kilometro korrika eta 16 kilometro bizikletaz).
- Mendi Duatloia bikoteka (11,5 kilometro korrika eta 19 kilometro bizikletaz).
- Mendi lasterketa (11,5 kilometrokoa).
- BTT proba (19 kilometrokoa).
Hasieran mendi duatloiarekin hasi ziren, duela 13 urte. Proba kutsu herrikoia galtzen zihoala ikusi zuten, ordea. Hortik sortu zen, duela bost edo sei urte, bikoteka ibilbidea osatzeko aukera. «Bakarka egiteko gai ikusten ez denak, modu horretara laguntza dauka. Herrikoi kutsu hori berreskuratzea lortu dugu horrela. Emaitza onak ematen ari da».
Mendi lasterketa egiteko ideia egiten duten lanari lotuta etorri da Zubiaren esanetan: «Zirkuitua markatzen eta abar lan asko egiten dugu, eta hortik etorri zen ideia. Zergatik ez dugu mendi lasterketa egiten? Lehen duatloia hiru sektoretan antolatua egoten zen. Hasieran korrika, gero bizikletaz eta azkenik korrika. Orain bi sektoretan egitea erabaki dugu, eta korrikako ibilbidea pixka bat luzatzea, mendi lasterketarako erakargarriagoa izan dadin». Korrikako ibilbide bera egingo dute mendi lasterketakoek, bakarkako mendi duatloikoek eta bikotekakoek. Guztien denborak hartuko dira kontuan mendi lasterketako irabazlea izendatzerako garaian. Hau da, duatloiko bat izan daitekeela mendi lasterketako garailea.