«Indarkeria matxista orori aurre egin!»

Ataria 2023ko uzt. 28a, 12:32

Ibarrako Itaiak deituta elkarretaratze jendetsua egin zuten atzo arratsaldean Ibarrako plazan. Herriko hainbat eragile eta herritarrek bat egin zuten deialdiarekin. Udalbatzako EH Bildu eta EAJko ordezkariak ere bertan izan ziren.

Itaiak salatu duenez, ekainaren 27an, gizon batek emakume bati eraso zion Ibarrako kiroldegian. Gertaera hori salatzeko elkarretaratzea deitu zuten, eta mobilizazioaren amaieran ondorengo idatzia irakurri zuen Ibarrako Itaiak:

«Ekainaren 27an gizon batek emakume bat erasotu zuen Ibarrako kiroldegian, ordutik herrian zurrumurru ugari zabaldu dira. Hasteko, Ibarrako Itaiak gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diogu erasotuari.

Gizarte honetan, gure aurkako erasoak eguneroko ogia dira eta erabat normalizatuta daude. Ideologia matxista norma kultural bilakatu da eta honek gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du, gure aurkako erasoak etengabe gauzatzen dituztelarik inpunitate osoz.

Argi daukagu horrelako erasoak ez direla kasu isolatuak; eraso hau emakume langileok zapalduta mantentzen gaituen gizartearen adierazpen bat gehiago da.

Ikusten dugu zentzu komunak eta instituzioek honelakoak gaitzesten dituela, baina kasuak gora doaz eta emakume langileok erabat babesgabe gaude. Instituzioek ez dute ez gaitasun ez borondaterik indarkeria matxistari aurre egiteko eta honen adibide da Ibarrako Udalak zein kiroldegiak kasu honen aurrean izan duten jarrera: erasotutako emakumeari informazio kontraesankorra eman zaio. Adibidez, erasotuak kiroldegiko kameren irudiak eskatu zituen erasotzailea identifikatzeko eta esan zitzaion kamara horiek ez zeudela funtzionamenduan, baina geroago jakin genuen irudi horiek bai existitzen zirela. Finean, gardentasun falta izugarria izan du erasotuarekiko. Bestetik, erasotuak hasitako prozesu judiziala aurrera joango ez balitz, udalak ere kasua itxitzat emango zuela aitortu zuen, instituzioen mugak agerian utziz. Hori gutxi balitz, agerian geratu da horrelako udal azpiegitura batean eraso bat emandakoan ez dutela jarduteko protokolorik.

Horren aurrean, gure lana da indarkeria matxistari aurre egiteko baliabide eraginkorrak garatzea, gu erasotzen gaituzten figurak seinalatuz eta egoera horietatik askatzeko beharrezko baliabide ekonomiko eta sozialak garatuz.

Hala ere, ezin gara mugatu erasoak prebenitu, salatu edo hauei aurre egiteko bitartekoak sortzera. Honekin batera, ezinbestekoa da antolakuntza politiko independentearen bitartez, indarkeria eta miseriara kondenatzen gaituen gizarte eredu hau errotik suntsitu eta zapalkuntzek eta biolentziak inongo lekurik izango ez duten gizartea eraikitzea.

Ibarrako Itaiatik norabide horretan lanean jarraituko dugu. Zentzu horretan, antolatzeko deia zabaltzen diegu Ibarrako emakumeei.

Indarkeria matxista orori aurre egin!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!