ELKARRIZKETA

«Benetan gogoa, grina eta esfortzua badago, posible da euskaraz bizitzea»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko uzt. 21a, 07:59

Irati Rodriguez Lasa. A. ARROYO

Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasi zuen Irati Rodriguez Lasak (Ibarra, 1999) eta, gaur egun, Hupi enpresako garapen arduraduna da. Azaldu du «kasualitatez» iritsi zela adimen artifizialarekin lan egiten duen enpresa batera, eta bertan lan egitea «erronka bat» izan dela ere aipatu du.

Bidarten (Lapurdi) eta Donostian ditu bulegoak Hupik eta laguntzaile birtualak sortzen dituzte beste enpresa batzuentzat. Rodriguezek kontatu ditu enpresaren nondik norakoak, bere lanpostuaren ezaugarriak eta zer esan nahi duen haientzat Bai Euskarari Saria jasotzeak.

Hupi enpresako garapen arduraduna zara. Zehazki zein dira zure egitekoak?

Nire egunerokoa asko aldatzen da egun batetik bestera, baina, batik bat, izaten da hainbat enpresa industrialekin hitz egitea, egunerokotasunean dituzten erronkak ulertzea eta teknologia berri honek zein onura izan ditzakeen ikusaraztea. Egia da instituzio mailan eta ikerketa zentroetan aurrerapen handiak egin direla; baina Euskadiko ekosistema industriala enpresa nahiko txikiz eta ertainez osatuta dago, beraz, nire egitekoa da, baita ere, nolabait ere adimen artifizialaren inguruko usteak deseraikitzea eta erakustea beste tresna bat gehiago dela. Gutxi gorabehera, horiek dira nire ardurak.

 

«Nire egitekoa da erabiltzaileei [adimen artifizialak] dituen onurak azaltzea eta begiak irekitzea»



Nola iritsi zara lanpostu horretara?

Ba kasualitatez izan zen. Nik Leinn ikasi nuen: Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza, Mondragon Unibertsitatean. Ez naiz inoiz adimen artifizialean sartuta egon edo ez dut aparteko interesik eduki teknologia berrietan; beti izan naiz sare sozialetatik nahiko at ibili den pertsona bat.

Karrera bukatutakoan Madrilera joan nintzen lanera, gero Bartzelonan ere izan nintzen, baina herrimin puntu bat ere banuen, eta etxera itzuli nahi nuen; banekien hau zela nire etorkizuna egin nahi nuen tokia. Unibertsitatera itzuli, eta esan nien lan bila nenbilela, eta ea hemen zein eskaintza egon zitezkeen. Orduan, BAIC [Basque Artificial Intelligence Center] egitasmotik harremanetan jarri ziren nirekin, eta esan zidaten ez ziotela hainbeste garrantzia ematen teknologia ezagutzeari, baina nahi zutela izatea pertsona bizi bat, zeina ohitua dagoen hitz egitera, beste enpresa batzuekin harremanak izan dituen… Eta orduan ezagutu nuen Hupi. Talde guztia osatzen dute matematikariek, ingeniariek, garatzaileek… Pixka bat izan zen beste hizkuntza bat hitz egiten duten taldekide batzuengana hurbiltzea, eta horrelaxe hasi nintzen lanean duela urtebete: teknologiaz asko jakin gabe, adimen artifiziala zer zen ere oraindik ulertu gabe, baina poliki-poliki hasi nintzen. Enpresan nik ez dut inoiz programatuko, ez naiz ingeniaria edo matematikaria; baina ulertu behar dena da beste hizkuntza bat gehiago dela, eta nire egitekoa da erabiltzaileei dituen onurak azaltzea eta begiak irekitzea.



Aurreikusten al duzu beste ikasketarik egitea?

Beti izan dut buruan graduondokoren bat ikastea, baina oraindik ez dakidanez ondo zer egin nahi dudan, mugitzen ari naiz, eta poliki-poliki egunerokoan ikasten. Egia da hainbat kurtso egin behar izan ditudala, gehienbat teknologiaren alorretik-eta. Lan honetan murgiltzea, hasieran, erronka bat izan da. Baita nire profilagatik ere: emakumezkoa, gaztea… Sektorearen ezaugarriak ere hor daude: ekosistema teknikoa, enpresa industrialak… Agian beste pertsona mota bat espero dute. Horregatik, hasieran erronka izan zen, baina hori ere niretzat hazkuntza- eta hezkuntza-prozesu bat izan da, eta oraingoz horretan nabil.

Hupik enpresentzako laguntzaile birtualak garatzen ditu adimen artifiziala oinarri hartuta. Zertan laguntzen dute programa horiek?

Enpresa handiek zein txikiek antzeko erronkak bizi dituzte. Maila ezberdinetan, jakina, dituzten baliabide pertsonalak eta materialak ezberdinak baitira. Baina askotan egoera antzekoen irtenbideak bilatu behar izaten dituzte, eta horietan laguntzen dute. Adibidez, laguntzaile bat sortu dezakegu gaitasuna izateko ekoizpen lerro batean egon litezkeen matxurak aurreikusteko, eta makinari egin behar zaion mantentze lan horien plangintza aurreratua sortzeko. Beste adibide bat da gomendioak ematea jakiteko nola optimizatu ekoizpena, kontuan hartuta zein baliabide eta muga dituzten; hau da, nola handitu daitekeen ekoizpena pertsona eta makina berdinekin. Izan daiteke, baita ere, makina berri bat erosten dutenean nola konfiguratu ahalik eta egokien.

Hori batik bat industria arloan. Azken hilabeteetan gehiago entzun da energiaren erronka: nola optimizatu energiaren kontsumoa, termometroa, haize girotua, aurreikusi zein izan daitekeen eguraldia…

Gero, egia da, gure egunerokora etorrita laguntzaile birtualak mugikorretan ere baditugula. Laguntzaile birtual bat erabiltzea da, adibidez, Siri-ri galdetzea zein eguraldi egingo duen bihar; edo GoogleMaps erabiltzea. Azkenean, datu batzuetan oinarritutako gomendioak ematen dituzten laguntzaileak dira.

Zehazki nori dago zuzenduta Hupiren zerbitzua?

Hupi duela hamar bat urte sortu zen, baina duela bost urte edo ikusi genuen egon zela gorakada industrial hori Euskal Herrian. Gure bezeroak, batik bat, enpresa industrialak dira, zeinak oraindik ez daukaten teknologia edo digitalizazio maila oso aurreratua. Gehienak erdibidekoak edo izaten dira, zeinak ikusten duten honek onura batzuk badituela, nahiz eta badituzten beldurrak edo arriskuak-eta. Baina ulertzen dute izan daitekeela abantaila lehiakor bat, eta haien inguruko enpresak zerbait egiten ari direla ikusten dutenez, beraiek ere horretan lehen pausoak ematen dituzte edo proba egiten dute. Enpresa ertain edo txiki industrialak izaten dira, oro har.

Orain gutxi arte finantza-gaitasun handia zuten enpresek bakarrik zuten adimen artifiziala eskura. Esan liteke gaur egun demokratizatzen ari dela?

Esango nuke baietz, eta bi aldetatik ari da gertatzen. Batetik, erabiltzaileen aldetik. Edonork erabil ditzake adimen artifiziala oinarri duten tresnak; guztiok ulertzen dugu, gutxi gorabehera, zer den edo horren atzean zer dagoen. Orain arte oso ikuspegi katastrofista zegoen hedatuta; zientzia fikzioko filmetan eta ikusi ditugun gauzengatik gehienbat: robotak, erabateko automatizazioa… Baina oraintxe errealitatea ez da hori. Gainera, teknologia hau garatzeak lagundu du, baita ere, zenbait eztabaida irekitzen, eta hori oso aberasgarria izan da: teknologia hau bai edo ez, zertarako, noiz, nola… Denetariko iritziak atera dira, eta mamu horiek uxatzeko ere onuragarria izan da.

 

«Mota honetako proiektuak garatzeko garaian traba nagusia ez da dirua, pentsatzeko modua baizik»



Eta, bestetik, administrazio publikotik ere laguntza asko egon da. Oraintxe bertan, horrelako proiektu bat garatu nahi duen enpresa batek baditu laguntzak. Baina mota honetako proiektuak garatzeko garaian traba nagusia ez da dirua, pentsatzeko modua baizik. Orain arteko ohiturak aldatzea eskatzen du, eta gure erabakiak hartzeko gaitasuna makina edo robot batengan uztea; oraintxe hori da ikusten ez dena. Proiektu hauek garatu dituzten enpresak askotan ez dira izan diru gehiena dutenak, baizik eta pentsaera aurreratuena zutenak. Lidergo postuetan jende gazteagoa zutenak, edo ikusi dutenak zein joera datozen beste herrialde batzuetatik. Euskal Herrian gertatzen da familia enpresa asko daudela, eta lidergoan oraindik dabiltzala bere garian hasi ziren aiton-amonak. Paradigma aldaketa bat egon da hor, baina oraindik gertatzen ari da.


Hupi enpresa Bai Euskarari Saria jasotzen. FOKU


Bai Euskarari Saria jaso duzue orain dela gutxi. Zer esan nahi du zuentzat?

Ziurtagiria jaso genuen 2021. urtean, eta duela aste batzuk jaso genuen saria. Oraindik Euskararen bidean ziurtagiria daukagu —hiru maila dira eta apalenean gaude—. Baina euskararen plana sortu genuen, euskara batzorde xume bat daukagu, eta poliki-poliki gure eguneroko erronka horiek betetzen ari gara. Saria guretzako izan zen egin dugun lanaren aitortza moduko bat. Eta haiek esan zuten bezala, Iparraldea oso inguru erdalduna da, ez da euskara askorik entzuten, eta taldekideek ere ez dute euskararik entzuten haien inguruan. Guretzat hautu politiko bat izan da euskaraz aritzea Frantziako edo Bilboko bezeroekin; ingelesez egin genezake, baina euskaraz egiten dugu hori delako gure hizkuntza. Oso positiboki baloratzen dugu saria jaso izana, oihartzun handia izan duelako, eta gutxitan gertatzen delako Iparraldeko enpresa batek horrelako sari bat jasotzea. Ez da eredu izan nahi dugula, ez gara eredu inorentzat; baina bai erakutsi nahi diegu beste enpresa batzuei posible dela. Ditugun mugak mentalak dira, eta benetan gogoa, grina eta esfortzua baldin badago, posible da euskaraz bizitzea.

Hupi Bai Euskarari Saria jasotzen. BAI EUSKARARI

 

«Saria guretzako izan zen egin dugun lanaren aitortza moduko bat»



Datuen erabileraren inguruan pribatutasuna da eztabaidagai nagusietako bat. Zein jarrera duzue Hupin?

Guretzat datuak bezeroenak dira. Bidarten daukagu data center pribatu bat: Izarlink; eta gure bezeroen datu guztiak hor gordetzen dira. Guk datu horiekin lan egiten dugu gure modeloak eta laguntzaileak sortzeko, eta ondoren emaitza edo ondorio batzuk emateko. Baina bezeroaren datuak ez ditugu prozesatzen; ulertu edo ikusi bakarrik egiten ditugu. Zerbitzari pribatu batean daude. Nahiko jarrera gogorra edo hartu genuen Google edo Amazon bezalako zerbitzariekin, azkenean, hodeian dagoena hor dagoelako eta inork ez dakielako hori nora doan. Beste pertsona edo entitate bati baimena ematen diozunean, zure jabetza galtzen duzu ia, eta enpresa horren menpe geratzen zara.

Horrez gain, oraintxe gure erronka nagusietako bat da Interneteko segurtasuna. Hor daude zibererasoak, eta hortik datuak eta informazio pribatua eta delikatua ken lezakete. Kontu handiz ibili behar gara hor. Gure aplikazioen muina datuak dira, eta horiek gabe ezin dugu ezer egin. Baina beti tentuz erabili behar gara, eta uneoro jabetu ez direla gure datuak, enpresa bezeroarenak direla eta harena dela jabetza. Guk ikus ditzakegu, baina ez ditugu guretzat gordeko; eta, bukatutakoan, itzuli egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!