Urteurrena ospatzeko festan murgilduko dira Ibarran

Ataria 2023ko uzt. 12a, 11:59

Txiribitu Aisialdi Taldeak eta Gazte Asanbladak 30 urte betetzen dituzte; hori ospatzeko Txirieguna antolatu dute larunbatean.

Bi ospakizuneko festa eguna izango dute ibartarrek larunbatean. Izan ere, Txiribitu Aisialdi taldeak eta Ibarrako Gazte Asanbladak 30 urte bete dituzte aurten, eta hori ospatzeko jarduera ugariz osatutako egitaraua antolatu dute.

Txiribitu Aisialdi Taldearen 25. urteurrenean egin zuten antzerako eguna antolatu dutela azaldu du Maider Romero Txiribitu Aisialdi Taldeko begiraleak, «berrikuntzak tarteko».Txiribitutik igaro diren partaide guztiei prestatu dieten omenaldia izango da aurtengo berritasunetako bat, baita ekitaldi «bereziena» ere. «Lan handia ekarri digu horrek eta erantzun ona izatea espero dugu», gaineratu du.

Horrez gain, abesti bat ere grabatu dute, eta bideoaren antzera, hori ere urteurren festan aurkeztuko dute. Txiribituko abestiak taldearekin harreman «oso estua» duela aitortu du Romerok, «duela hainbat urte sortu zuten Txiribituko begirale batzuk eta hori eraldatzea eta berritzea lortu dugu». Ekoizpen prozesuan, gainera, Ibarrako herritarren laguntza izan dutela kontatu du: «Produkzioan lanean ari den Eguzki izeneko gazteak lagundu digu abestia osatzen, eta instrumentuak, berriz, Ibarrako gazte batzuk utzi zizkiguten».

30 urtetako lana

Urte guzti hauetako balorazio positiboa egin du begiraleak: «Harreman handiak egin ditugu, ostiralero elkartzen baikara, baita asteburuko ekintzak, Gabonetako asteburu pasak, inauteriak edota udarako udalekuak antolatzeko ere. Lan handia eskaini behar zaio, eta txorakeria ematen badu ere, egun bat antolatzeak sekulako trabak eta lan pila egitea eskatzen du. Baina hori aurrera eramateko lana eta borondatea besterik ez dugu Txiribitu Aisialdi Taldean lanean gabiltzan guztiok».

Larunbatean izango dute, beraz, hurrengo hitzordua. Hala ere, hemendik aurrera lanean jarraituko dutela adierazi du Romerok, eta horretarako badituzte zenbait proiektu eskuartean. «Abuztuaren 1etik 12ra udaleku batzuetara goaz, aurten, Azpeitia-Loiolara. Horren ostean, irailean, kurtso berriari heldu eta betiko martxa izaten jarraituko dugu; asteburuetan ekintzak egin, Gabonetan asteburu pasak eta inauteriak antolatu».

TXIRIEGUNEKO EGITARAUA

Uztailak 15, larunbata

  • 10.00. Haur eta gazteentzako puzgarriak, plazan.
  • 12.00. Haurrentzat altxorraren bila, herrian zehar.
  • 14.00. Haur zein helduentzako bazkaria. Bazkarirako txartelak, Zubiaurren eta Goxobin daude salgai, eta gaur izango da erosteko azken eguna. Haurrek 10 euro eta helduek 12 euro.
  • Ondoren. Bingo musikatua / Txiribituren abestiaren aurkezpena, plazan.
  • 17.00. Potx magoa, plazan.
  • 19.00. Helduentzat triki-poteoa, plaza inguruan.
  • 21.00. Afaria, DBH3koek ogitartekoak salduko dituzte, eta edaria antolakuntzaren esku. Ogitartekoak aurrez eskatu beharko dira 688 72 19 90 zenbakian.
  • Ondoren. Txiribituren dokumentalaren aurkezpena, plazan.
  • 22.30. DJ EO Gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!