Amaitu dituzte Bista Ona eremuko lanak

Ataria 2023ko uztailaren 11

Ibarrako Bista Ona eremuan (01-745 partzela) inguru naturala eta azpiegitura berdea hobetzeko lanak amaitu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Duela hilabete batzuk jakinarazi zuen Ibarrako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundia Bista Ona eremuan (01-745 lursaila) ingurune naturala eta azpiegitura berdea hobetzeko lanean ari zela, eremu degradatuak leheneratzeko udalak diru laguntza eskatu ondoren. Dagoeneko amaitu dituzte lanak, eta herritarrek Etxeberritxorako bidea zabalik dute Julian Gaiarre kaleko 5. zenbakitik abiatuta.

Kanal propioa Telegramen

Ibarrako Udala izenpean, Ibarrako Udalak kanal propioa sortu du Telegram aplikazioan. Udalak antolatutako zerbitzu eta jarduerei buruzko informazioa bidaltzeko erabiliko dute. Berritasun guztiak eskuratu nahi dituzten pertsonek Telegram aplikazioa deskargatu beharko dute mugikorretatik eta udalaren kanal berrira harpidetu. Argitalpen berri bat egiten den bakoitzean, aldez aurretik harpidetu diren pertsonek jakinarazpen bat jasoko dute beren telefonoetan.

Ur baldekadak botatzeko eskaera

Bestalde, ostegun honetan, uztailak 13, aurreko urteetan bezala, Ibarrako Oporretan euskaraz udaleku taldeak uraren eguna ospatuko du. «Urtero bezala, auzoz auzo joango gara ur baldekadak botatzeko eskatuz. Beraz, haur talde bat entzuten duzuenean, eskertuko genizueke balkoitik behera ur baldekadak botatzea», adierazi dute udaleku taldeko ordezkariek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!