Bizi Nahi elkarteko taberna herritarren zerbitzura berriro

Leyre Carrasco 2023ko eka. 29a, 07:58

Jatorriz pakistandarra da, baina Azkoitian bizi da Rizwan Ali. Tolosako Maryam Jatetxe eta Kebabean hasi zen lanean eta orain Ibarrako Bizi Nahi tabernako ardura hartu du.

Alokairua oso garesti zegoenez, Tolosako San Frantzisko kaleko 28an zuen Maryam Jatetxea eta Kebab izeneko taberna-jatetxea itxi behar izan zuen Rizwan Alik. Bi urte eman zituen bertan lanean, eta «oso gustura» zegoela aitortu du. Urtebete beranduago, ordea, Ibarrako Bizi Nahi elkartearen berri izan zuen. «Lagun batek Ibarran hiru urte itxita zeramatzan taberna bat zegoela kontatu zidan, eta berehala udaletxekoekin jarri nintzen harremanetan», kontatu du Alik

Erretirodunen elkartea izateaz gain, taberna eta jatetxe zerbitzua eskaintzen duen lekua ere bada Bizi Nahi elkartea. Duela hiru urte, ordea, hori kudeatzen ari zenak utzi egin behar izan zuen, eta beste langile bat aurkitu bitartean itxita egon da taberna eta jatetxe zerbitzua. Horren ardura hartu berri du Alik eta apirilaren 28an zabaldu zituen berriro Bizi Nahi elkarteko taberna eta jatetxearen ateak, herritar guztien zerbitzura jarriz.

«Auzotarrek taberna berriro ireki genuela ikusi zutenean, oso pozik jarri ziren. Gainera, jendea oso animatuta etortzen da, eta hori arratsaldeetan nabaritzen da gehien. Izan ere, arratsalde partean kafea hartzera etortzen diren bezero asko izaten ditugu, baita pintxo bat jatera etortzen direnak ere», esan du.

Oraingo honetan ere Maryam taberna-jatetxeko plater eskaintza bera dutela jakinarazi du, «kalitate handikoa». Kebab motako janaria prestatzeaz gain, errazioak ere ematen dituzte, eta Alik azaldu bezala, «norbaitek plater berezi bat nahi izanez gero, hori kozinatzen saiatzen gara, menu itxia eskatzeko aukera ere eskaintzen baitugu, baita enkargatzeko paella edo haragi platerak ere». Horretarako, herriko eta inguruko baserritarrekin «harreman estua» dute, bertako produktuak erabiltzen baitituzte eta plater guztiak etxean eginak daude, errazioak eta postreak barne.

Ordutegia

Gauzak honela, hemendik aurrera ibartarrek Bizi Nahi elkartean taberna eta jatetxe zerbitzuaz gozatzeko aukera izango dute. Asteartetik ostegunera 11:00etatik 23:00ak arte izango da zabalik, eta asteburuetan, berriz, 11:00etatik 00:00ak arte. Astelehenetan itxita izango da.
Aliren hitzetan, «11:00etan irekitzeko arrazoia oraindik Azkoitian bizi garelako da, eta handik etorri behar dugu egunero». Hala ere, Ibarran etxe bat erosteko asmoarekin daudela jakinarazi du: «Azkoitia baino gehiago gustatzen zait Ibarra. Oso herri lasaia da, eta lasaitasun hori da nire familia eta ni bilatzen ari garena».

Euskaraz bizi

Hizkuntzarako arazorik ez duela argi utzi du Alik, sei hizkuntzatan hitz egiten baitu denera; bere herriko bi hizkuntzak, gaztelera, euskara, ingelesa, greziera, errumaniera pixka bat eta arabiera ere zerbait badaki. Euskaraz lagunen bitartez ikasi du, batez ere Azkoitia eta Azpeitia aldean bizi izan den urteetan. Hango hizkera du eta hika egiten du tarteka. Bere euskal izena Jon da, eta orain Ibarran ere horrela ezagutzen dute. «Lehenengo egunetik oso ondo hartu didate. Gainera, harremanetarako arazorik ez dut izan inoiz, oso irekia bainaiz. Horrek ere euskara gehiago lantzen lagundu dit, lehen egunetik bezero gehienek euskaraz hitz egin didatelako», gehitu du.

Bezero bat sartzen denean berak ere hasieran beti euskaraz agurtzen duela aitortu du, «eta euskaraz galdetzen diot ea zer nahi duen hartu. Telefonora deitzen dutenean ere euskaraz hitz egiten dut aurrena. Lehen hitza euskaraz egitearena dagoeneko barruan sartuta dudan gauza bat da, eta hori egunerokoan aplikatzen saiatzen naiz».

Horregatik, berak ere bezeroak euskaraz hitz egitera animatu ditu: «Badago jendea hitz gutxi batzuk ezagutzen dituena, baina ez dituena erabiltzen, erdaraz bakarrik hitz egiten dutenak. Nik euskaraz hitz egiten diet, horrela beraiek ere animatu egiten dira. Nik euskaraz hitz egiteko mentalitatea dut. Garrantzitsua iruditzen zait giro bat sortzea euskaraz aritzeko, hitz egiteko».

Etorkizunari begira hainbat proiektu ditu eskuartean, tartean, euskaltegi batean apuntatzea, euskara gehiago lantzeko. «Hobeto irakurtzen eta idazten ikasi nahiko nuke. Noski, oraindik ikasten segitzen dut. Nire koadernoa hartzen dut eta hor joaten naiz gauzak apuntatzen. Hori da azken batean sekretua. Entzunez bakarrik ez da nahikoa, hitz egin behar da ere», aitortu du Alik.

Horrez gain, Tolosako Plaza Berrian lokal bat irekitzeko asmoa ere duela kontatu du, Pakistani buruz gauzak erakusteko, euskaraz, hemendik hara joaten direnei. «Telebistan Pakistanen inguruan erakusten dutena beti txarra izaten da, eta hara joan direnak baieztatu dezakete hori ez dela horrela. Pakistanek gauza asko ditu mendia eta bestelakoak, hemengo jendea harea joaten denean harrituta geratzen dira. Erakutsi dezaket nora joan, non ibili, ohiturak eta hizkuntza pixka bat. Horrela, hara joaten denak ez du bidaiaren esperientzia bakarrik izango, gozatu ere egingo du, Pakistani buruz gehiago jakingo baitu», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!