Inko Oruesagasti txapeldun, Gasteizen

Ataria 2023ko eka. 21a, 14:59

Igandean, Gasteizko Nazioarteko Irekia torneoan parte hartu zuten Belabietako gimnastek; bakarkako ariketetan, Oruesagasti txapeldun izan zen mazoekin.

Denboraldia amaitzear den honetan, asteburu betea izan dute Ibarrako Belabieta gimnastika taldeko kideek. Ostiralean, Ibarrako kiroldegian bukaera eman zioten denboraldiari Belabieta kiroldegian, ikasturte amaierako jaialdiarekin. Bertan, Ibarran entrenatzen duten gimnastek parte hartu zuten, baita beste herri batzuetakoek ere, hala nola, Berastegi, Bidania eta Anoeta. Ikasturte amaierarekin lotuta, gaur, Berastegiko frontoian egingo dute emanaldia Belabietako eta Berastegiko gimnastek, 17:00etan hasita.

Larunbatean, Belabietako oinarrizko taldea hamaikagarren izan zen Logroño Hiria Txapelketan. Txapelketa berean, bakarkako ariketetan, Maddi Iguaran seigarren izan zen zintarekin, eta Inko Oruesagasti hamalaugarren mazoekin.

Asteburua borobiltzeko, igandean, Gasteizko Nazioarteko Irekia torneoan parte hartu zuten Belabietako gimnastek, Arabako hiriburuko Beti Jai frontoian. Bakarkako ariketetan, Inko Oruesagasti txapeldun izan zen mazoekin; taldeka, berriz, oinarrizko jubenilak hamargarren izan ziren.

Azkenik, gimnastika praktikatzeko interesa dutenei deia luzatu die Belabieta klubak. Izena emateko edo informazioa jasotzeko, belabietagimnasia@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzeko eskatu dute.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!