Jolas komunitarioen gunea sortuko dute Ibarran

Ataria 2023ko ekainaren 21a

Herriko haurrek komunitatean jolasteko aukera bultzatuko du Ibarrako Udalak, eta horretarako, 2 eta 12 urte arteko gurasoekin bilera informatiboa egingo dute gaur, 17:30ean, plazako aterpean.

Ibarrako Udalak jolas komunitarioen gunea sortuko du herriko haur eta gaztetxoentzat. Horretarako, udalak gordeta duen egurrezko etxola bat jartzeko asmoa du herriko plazan, haurrek jostailuekin eta komunitatean jolasteko aukera bultzatu asmoz.

Igor Zapirain Ibarrako alkateak kontatu duenez, «betiko jolasetatik edo mugikorretik aldentzeko» ideia ona izan zitekeela pentsatu zuten; hala, «garai bateko jolasak» eta talde lana bultzatzea pentsatu dute: «sokatira bezalako jokoak edota oreka mantentzekoak egongo dira, bestea beste». Ibarrako sokatira taldekoek sortu zuten herri kirol eskolarekin elkarlanean, euren materiala erabiliz herri kirolarekin lotutako jolasak egiteko asmoa dutela gehitu du alkateak.

Bilera informatiboa

Etxolaren inguruko ideia eta kokagunea aztertzeko asmoz, gaur, 17:30ean 2 eta 12 urte arteko gurasoekin bilera informatiboa egingo dute, plazako aterpean. Zapirainen esanetan, «gurasoen parte hartzea sustatuz eta denen arteko lanketa bat eginez errazagoa izaten da ekimenaren parte sentitzea». Jolas komunitarioen gunea egunero eta orduero zabalik egotea da asmoa. Horretarako, denen arteko zaintza eta errespetua beharrezkoa izango dela esan du alkateak; «ez badugu denon artean zaintzen, etxola kendu egin beharko dugu, eta hori tristea izango litzateke».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!