Aitor Zelaia eta Galder Barbadori babesa adierazi diete Ibarran

Ataria 2023ko eka. 20a, 11:00

Bi arabarrak edozein unetan espetxeratuak izan daitezke, izan ere, Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko espetxe zigorra berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Egoera hori salatzeko, Ibarrako Ernaik deituta elkarretaratzea egin zuten ostiralean Ibarrako plazan.

2019ko otsailaren 7an Aitor Zelaia eta Galder Barbado atxilotuak izan ziren, gai leherkorrak izatea eta helburu terroristarekin armak eta munizioak edukitzearen akusaziopean. Bi gazte arabarrak atxilotu eta urte bereko udaran atera ziren baldintzapeko askatasunean 6.000 euroko bermea ordaindu ondoren.

Ibarrako Ernaik ostiralean egindako elkarretaratzean jakinarazi zuenez, «EAJren gertukoa izendatzen den ertzaina izan zen ikerketa abiarazi zuena polizia politikoaren papera aski ondo betez, militantzia politikoaren kriminalizazioan oinarrituriko txostenak aurkeztuz edota epaiketa bera aurreko fase politiko batean kokatzeko egindako ahaleginetan ikusi dugun moduan. Anakronikoa dirudi ezta?».

2021eko urtarrilaren 21 eta 22an Audientzia Nazionalean ospatutako epaiketan lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri zieten. Abokatuek eta fiskalak errekurtsoa jarri ostean, une honetan kalean daude, Auzitegi Gorenaren epaia eta exekuzioaren zain.

Injustizian oinarritutako espainiar makinaria errepresiboaren erasoa berriro jasan behar izan dutela adierazi zuten, eta argi daukate «ez dela soilik bi gazte militante konprometituen kontrako erasoa baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den herri baten kontrakoa. Errezeta zaharrekin gaur egungo Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako erasotzat ulertu behar dugu beraz».

Horregatik, esan dute gazte antolakuntza eta borroka independentista ez duela salbuespeneko tribunalekin gelditzea lortuko. «Gazteak argi daukagu: Absoluzioa besterik ez! Aitor eta Galderrekin gaude eta egongo gara, herri honetan elkartasuna zer den ondo dakigu eta egoera hau salatzen jarraituko dugu! Hortaz, har ditzagun kaleak herri honen duintasuna defendatzeko, biharko Euskal Herri euskalduna, sozialista eta feminista gaurko borrokaz eraikiko baitugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!