Unai Iribarrek Esloveniako Tourrean parte hartuko du

Ataria 2023ko ekainaren 14a

Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari ibartarra beste sei taldekiderekin ariko da, gaurtik igandera bitartean.

Unai Iribar ibartarrarekin batera izango diren beste txirrindulariak Xabier Mikel Azparren, Carlos Canal, Xabier Isasa, Txomin Juaristi, Andoni Lopez de Abetxuko eta Gotzon Martin izango dira. Esloveniako Tourra 2.1 mailako lasterketa da, guztira 20 taldek parte hartuko dute, lau World Tourrekoak eta hamar Pro Team mailakoak. Ibilbidea bihurgunetsua eta aldapatsua da, eta etapa erabakigarria laugarrena izango da, larunbatekoa, lehen mailako mendate batera egingo duten bi igoerarekin.

Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak azaldu duenez, «Eslovenian World Tourreko hainbat talde egongo dira, Tourrari begira sasoian dauden txirrindulariekin. Gure taldeak baikor egingo dio aurre probari, aurten aurrera egin duten gazteekin. Denek dituzte etapak jokatzeko aukera irekiak eta Abetxukok esprintetan lehiatu ahal izatea espero dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!