Ibarrako I. Mendi Bizikleta Festa antolatu dute

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 31a, 11:58

Bidetxur mendi elkarteak Ibarrako I. Mendi Bizikleta Festa antolatu du larunbat honetarako. «Bidetxurren atal ezberdinak ditugu, eta horien artean mendi bizikletarena dugu», esan du Iban Amondarain elkarteko kideak. «Ikusten genuen Ibarran badagoela afizioa, zerbait ezberdina egiteko aukera ikusten genuen, eta denon artean osatu dugu egitaraua, eta uste dut festa polita antolatu dugula. Orain jendearen erantzuna nolakoa den ikusi beharko da».

Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta Ibarrako San Bartolome plaza izango da festaren erdigunea. Goizean bizikleta martxak egingo dituzte, eta helduentzat zein gaztetxoentzat prestatu dituzte. 09:30ean helduen bi martxak abiatuko dira, horietako bat mendi bizikletentzat eta bestea mendi bizikleta elektrikoentzat. Hiru orduko martxak izango dira. Gaztetxoena 10:30ean abiatuko da, bi ordu ingurukoa, eta gutxienez DBHko ikaslea izatea eskatuko da. Martxetan parte hartzeko ez da aurretik izena eman behar, garaiz bertan izatea besterik ez dute eskatu antolakuntzakoek.

Bazkaria 14:00etan izango da, eta barrikotearekin izango da, hau da, bakoitzak bere bazkaria eramango du eta antolakuntzak sagardo kupela jarriko du. Ondoren, 16:00etatik aurrera ginkanak eta tailerrak egingo dira, eta trial erakustaldia Irene Caminos eta bere ikasleen eskutik. «Antolakuntzatik oso eskertuta gaude Irene Caminosek erakutsi duen prestutasunagatik; lehiaketa garaian dabil eta asteburu hau bakarrik zuen libre, eta gure eskariari baiezkoa eman dio», esan du Amondarainek. Tailerretan bizikletarekin lotutako kontuak erakutsiko dituzte, eta jendeak dituen zalantzei erantzuten saiatuko dira.

Beste egitasmo bat ere antolatu dute Bidetxur elkartekoek, bigarren eskuko bizikleta azoka egingo baitute. 10:00etatik 14:00etara bitarte materiala jaso eta sailkatu egingo dute, eta salmenta 16:00etatik 19:00etara izango da. Bizikletarekin zerikusia duen material oro eraman ahalko da salgai jartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!