Izaskungo festetako azken eguna ari dira ospatzen

Leyre Carrasco 2023ko mai. 29a, 18:00

Hamaiketako herrikoiarekin hasi dute egun handia Izaskunen, eta ondoren, bertso saioa izan dute, Andoni Egaña eta Anjel Peñagarikanoren eskutik.

Ohikoa dutenez, maiatza amaitzeko festa egiten dute Izaskunen, eta aurten ere festa giroan agurtu dute hilabetea. Hain zuzen, Izaskungo jaietako azken eguna ari dira ospatzen, eta eguraldia lagun izan dute goiz guztian zehar; eguzkia ez ezik, beroa ere egin du.

Loatzo Musika Eskolako ikasleek eskainitako dianarekin abiatu dute gaurko egun handia, 10:00etan. Eta, hitzorduari hutsik egin gabe, ohiko meza nagusia ere egin dute 11:00etan. Ondoren, azken festa eguna indarrarekin igarotzeko hamaiketako herrikoia izan dute eguerdian.

Indarrak hartuta, eliza ondoan egin duten bertso saioak bete du plaza. Batzuk oholtza pareko eserlekuetatik gozatu dute saioa, eta beste batzuek, berriz, tabernako terrazatik, beroari aurre egiteko tragoa eskuan zutela. Adin guztietako herritar ugari izan dira Andoni Egaña eta Anjel Peñagarikanoren bertsoez gozatzera gerturatu direnak. Gai jartzailea Joxe Ramon Aldasoro izan da.

Arratsaldeko ekintzak

Arratsaldean ere festak ez du hutsik egingo, eta hainbat ekimenez gozatzeko aukera izango da. Arratsaldeko lehen emanaldia Alur dantza taldearekin eskutik izan da 17:30etan, eta jarraian, haurrentzako gozokiak banatu dituzte.

Goizeko bertso saiora azaldu ez diren herritarrek, Andoni Egaña eta Anjel Peñagarikanoren bertsoez gozatzeko bigarren aukera izango dute arratsaldean. Izan ere, 18:30etan bigarren saio bat eskainiko dute bertsolariek.

Jaien amaiera igortzeko, Ostolaza eta Narbaiza trikitilariek erromeria saioa eskainiko dute 19:30etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!