Festan murgilduko dira hiru egunetan zehar, Izaskunen

Ataria 2023ko mai. 24a, 07:57

Maiatzaren 27tik 29ra ospatuko dituzte Izaskungo jaiak, eta egitarau zabala antolatu dute egun horietako.

Izaskungo jaiekin agurtzen dute urtero maiatza, eta aurtengoan ere halaxe egingo dute. Izan ere, maiatzaren 27tik 29ra festan murgilduko dira Izaskunen programa zabal batekin.

Larunbatean izango da festetako lehen eguna, eta 17:00etan toka txapelketa izango dute jokoan. Ondoren, sagardo dastaketaz gozatu ahalko dute 19:00etan, eta, bitartean, Joxe Mendizabalek erromeria eskainiko du.

Igandean, berriz, herri kirol ekitaldiarekin emango diote hasiera egunari, 12:00etan, Lucia Orbe, Karmele Gisasola, Jon Gisasola eta Ioritz Gisasolaren erakustaldiarekin. Eguerdian, herri bazkaria izango dute 14.30etan, eta ondoren, Jexux Mari Irazu eta Iker Zubeldia bertsolariek emanaldia eskainiko dute. Arratsaldean, berriz, haurrentzako Potxin eta Patxin pailazoen Baserrian emanaldia izango da ikusgai 17:00etan, eta horren ostean, Tio Teronen semeak taldearen Festamendua emanaldia 18:00etan. Azkenik, Jokin Goenagaren kantaldiarekin emango diote amaiera egunari, Ibarrako Koruak girotuta, 19:00etan.

Azken festa eguna

Astelehenean ere festak ez du etenik izango, eta egun osoan zehar herritarrek izango dute zer ospatu eta zertaz gozatu. Dianarekin emango diote hasiera egunari 10:00etan, Loatzo Musika Eskolako ikasleen eskutik. 11:00etan mezu nagusia ospatuko dute, eta ondoren, hamaiketakoa izango da. Bertso saioaz gozatzeko aukera ere izango dute, 13:00etan. Bertan arituko dira Andoni Egaña eta Anjelmari Peñagarikano. Gai-jarraitzailea Joxe Ramon Aldasoro izango da.

Arratsaldean, berriz, Alur dantza taldearen emanaldia izango da 17:30etan, eta segidan haurrei gozokiak banatuko zaizkie. Bigarren bertso saioa eskainiko dute bertsolariek 18:30etan, eta Ostolaza eta Narbaiza trikitilarien emanaldiarekin emango diote aurtengo jaiei amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!