Eñaut Uson, Espainiako Kopako lider berria

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko mai. 23a, 11:59

Eñaut Uson eskalatzaile tolosarra Cuencan jokatutako Espainiako Kopako bigarren proban.

Alpino Uzturre taldeko 13 urteko eskalatzaile ibartarrak garaipena eskuratu du 14 urtez azpiko Espainiako Kopako bigarren proban, Cuencan; ekaineko lehen asteburuan jokatuko du hirugarren eta azken proba, Madrilen.

Eñaut Uson Pobes eskalatzaile ibartarrak 13 urte besterik ez ditu, baina emaitza bikainak lortzen ari da. Iaz hasi zen lehiaketetan parte hartzen, 14 urtez azpikoen mailan, eta garaipen bat lortu zuen, Oviedon; bera izan zen onena Espainiako Kopako proban (bloke modalitateko bigarren jardunaldian eta abiadura modalitateko lehen jardunaldian). Aurrez, lehen proban, hirugarren izan zen Madrilen. Caceresen izan zen hirugarren proba, eta bertan laugarren izan zen ibartarra.

Azaroan, bloke modalitateko Espainiako Txapelketa jokatu zuen Caceresen bertan, laugarren postuan amaituz, podiumetik gertu. Bi aste beranduago, Getafen (Madril), zailtasun modalitateko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen eta bosgarren izan zen. Urtebete lehenago, 2021eko azaroan, Euskal Herriko txapeldun izan zen, zailtasun eta abiadura modalitateetan, 14 urtez azpikoen mailan, Iruñean.

Aurten, emaitza oso onak lortu ditu parte hartutako lehen bi probatan. Espainiako Kopako bi jardunaldi jokatu ditu, bloke eta zailtasun modalitateetan biak; lehena, martxoan, Oviedon, eta bigarrena, pasa den asteburuan, Cuencan. Asturiasen jokatutako proban bigarren izan zen Extremadurako Carlos Ferreiraren atzetik. Cuencako proban, baina, garaipena lortu zuen Usonek. David Martinez valentziarra izan zen bigarren eta Ferreira hirugarren. Ondorioz, lehen bi jardunaldietako emaitzei esker, Uson da Espainiako Kopako lider berria, jardunaldi baten faltan. Jardunaldi hori ekaineko lehen asteburuan jokatuko dute Madrilen.

Eñaut Uson eskalatzaile ibartarra, podiumeko lehen postuan, Cuencan jokatutako Espainiako Kopako bigarren proban.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!