Jaengo Oleoinnova Mengibar FS taldearen aurka jokatuko du Lauburu KE Ibarrak

Ataria 2023ko maiatzaren 22a

Bigarren B Mailako bosgarren multzoko lider izan da talde andaluziarra. Larunbatean izango da joaneko partida Belabieta kiroldegian, 18:30ean.

Pasa den larunbatean Iruñeko Anaitasuna taldearen (multzoko liderraren) aurkako kanporaketa gainditu ondoren, ibartarrek gaur ezagutu dute Bigarren Mailarako igoera faseko bigarren kanporaketako aurkaria. Jaengo Oleoinnova Mengibar FS taldearen aurka jokatuko dute. Andaluziarrek lider amaitu zuten denboraldia bosgarren multzoan, eta igoera faseko lehen kanporaketan bi partidak irabazi zituzten Bujalance taldearen aurka: joanekoan 2-4 eta itzulerakoan 7-1.

Larunbat honetan, beraz, talde on baten aurka jokatuko du Lauburuk. Klubak adierazi du zaleen bultzada beharrezkoa izango dutela jokalariek. Partidarako sarrerak salgai egongo dira bihartik aurrera, Zubiaurre tabernan eta Laboral Kutxaren Ibarrako bulegoan (egun osoan zehar) eta Lauburuko bulegoan (arratsaldeetan). Ondorengoak izango dira sarreren prezioak: helduak 10 euro (bazkideek, 5 euro) eta adingabeak 2 euro. Partidaren egunean, sarrerarekin batera, bazkide txartela erakutsi beharko da txarteldegian.

Itzulerako partida ekainaren 3an edo 4an jokatuko dute ibartarrek, Andaluzian. Kanporaketa hau gaindituz gero, ibartarrek hirugarren eta azken kanporaketa gainditu beharko lukete Bigarren Mailan jokatu ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!