Herrigintzarekin dituen konpromiso pertsonalak eta taldekoak eraman die datozen urteetan alkategai izateko erronka onartzera. Idatziz erantzun die galderei.
Zein lotura duzu Ibarrarekin?
Lotura zuzena. Izatez berrobitarra naiz, hala ere, azken agintaldian, ibartarrek hala aukeratuta, udal-hautetsi izan naiz Ibarran, EAJ taldeko zinegotzi. Hautetsi izateak herriko zein udal barruko nondik norakoak ezagutzeko aukera aproposa eman dit. Hortik harago ere, betidanik izan dut Ibarrarekin hartu-emana: lagunak bertan, gaztetan festetara joateko joera, erosketak egitera ere. Eta ez nuke aipatu gabe utzi nahi, garai batean piperrak biltzera ere etortzen ginela, sos batzuk ateratzeko asmoz.
Zein balorazio egiten duzu bukatu den legealdiaz?
Ez da izan ohiko legealdia. Kontuan izan behar dugu agintaldi erdia pandemiari aurre egiten eta egoera kudeatzen eman dugula. Gauza bat azpimarratu nahiko nuke: Eusko Alderdi Jeltzaleko herri ordezkarion jarrera erabat eraikitzailea izan dela lau urte hauetan. Proposamenak egin ditugu, gobernukoek egindakoei gure ekarpenak ere eransten saiatu gara. Inoiz ez da gure asmoa izan oposizio oztopatzailea egitea. Hasieratik argi izan dugu gure helburu nagusia Ibarra eta bertako herritarrak direla, eta oposiziotik, helburu horren onerako jardun dugu beti. Lau urte hauetan herritarren iritziak, ideiak eta arazoak entzuteko prest egon gara. Oso ariketa aberasgarria izan zaigu eta gurekin beraien kezkak eta asmoak partekatu dituzten ibartar guztiei eskerrak luzatu nahi dizkiet, indarra eta ilusioa eman digutelako.
Orain alkategai aurkezten zara. Zaila egin zaizu saltoa ematea?
Herrigintzarekin dudan konpromisoak eraman nau alkategai izateko erronka onartzera. Ibartarrez osatutako talde oso ona egokitu dugu eta Ibarraren alde gure onena emateko prest gaude. Herritarrak, langileak, eskarmentua duten pertsonak, beren lanbidean eta zereginean. Ibarra ondo ezagutzen dutenak, konfiantzazkoak eta herriaren alde jarduteko gogoz eta ilusioz beteak. Abertzaleak garenez, Euskadi herriz-herri eraikitzea da gure konpromiso politiko orokorra eta, jakina, gure ilusioa eta zeregina Ibarraren aldeko herrigintza egitea da. Hitza ematen dugu ahalegina egingo dugula.
Zein asmo duzue datozen lau urteetarako?
Ibarrak badu arazo handi bat etxebizitzarekin. Azken urteotan ez da ezer egin eta egoerari buelta eman behar diogu. Horretarako, Hirigintzako Plan Orokorra landu beharra dago eta, beste herri batzuetan bezala, gazteentzat alokairurako laguntzak ematea da gure asmoa. Bestalde, gizarte politikak gure lehentasun izango dira: adineko pertsonen bakardadea arintzeko ekimenak; bazterkeria zorian dauden herritarrak laguntzea, adibidez, erosketa bonuen bidez; eta, orokorrean, pertsona erdigunean hartzen duen zaintza sistema integral bat garatzea. Kale garbiketaren egoerari buruzko kexak etengabe jaso ditugu urte hauetan eta, beraz, arazo horri eta irisgarritasuna hobetzeari ere arreta berezia jarriko diogu. Jakina, aldaketa klimatikoari aurre egin behar diogu ere, eta energia berriztagarriei bultzada eman nahi diegu. Pasa den agintaldian eskatu genuen bezala, eta egin ez denez, Argindegitik Izaskungo bidea konpontzeko asmoa dugu. Emeterioko jauregietarako ere, herritarren eskutik, asmo bat landu nahi dugu, bertan bizi direnen egoera bermatuz, etorkizuneko aukera berriak aztertu eta finkatzeko.
Zer eskainiko dio EAJk Ibarrari?
Lehen esan bezala, konpromisoa, lana eta ilusioa. Herritarrak entzuteko eta haiekin batera hurbiletik jarduteko prestutasuna eta jarrera eraikitzailea eskainiko dugu, beti. Herritar guztiei errespetua eta inor bazterrean uzten ez duen herri atsegin eta lagunkoi bat egiteko asmoa dugu, gero eta hobea. Bukatzeko, euskarari ez ezik, ibartar identitateari indartsu eutsiko dion herria elkarlanean egiteko hitza ematen dugu.