Orientazio probetan lehen urratsak egiteko

Imanol Garcia Landa 2023ko maiatzaren 10a

Ibarrako III. Orientazio Proba Herrikoia antolatu dute iganderako. Ibilbide luzea eta motza izango ditu.

Bidetxur Ibarra mendi taldeak antolatuta, Ibarrako III. Orientazio Proba Herrikoia egingo dute igande honetan. Bi ibilbide izango ditu eta bietan Gaztelutik Ibarrarako bidea egingo dute. Ibilbide luzeari hasiera 09:00etan emango zaio eta lau orduko epea izango du. Familiei eta hasiberriei zuzendutako ibilbide motzak, berriz, bi orduko iraupena izango du, eta 10:30ean hasiko da.

Parte hartzaileek taldeka parte hartuko dute, bi eta lau arteko taldeetan. Maitane Garmendia antolakuntzako kideak azaldu duenez, «parte hartzaileei mapa bat banatuko zaie hasieran, eta ez dute ibilbide markaturik izango. Mapan agertzen diren balizak aurkitu behar dituzte. Balizak kontrol puntu batzuk dira, eta denboraren barruan baliza gehien edota puntu gehien eskuratzen dituztenak izaten dira irabazleak».

Orientazio proba herrikoia denez, batez ere horrelako probetan ohitu gabe dagoena eta probatu nahi dutenentzako prestatuta dago. «Ortofoto mapak erabiltzen dituzte parte hartzaileek, hau da, aireko ikuspegi bat dute eta horren gainean marraztuta daude errepideak, bideak, pistak, bidezidorrak... Beste orientazio proba batzuetan mapa espezifikoak erabiltzen dituzte», azaldu du Garmendiak.

Izena emateko epea bihar gauean amaitzen da, eta galdetegi bat bete behar da Internet bidez. Hamabi urtetik gorakoek 10 euro ordainduko dute, Bidetxur mendi taldeko kide direnek edo 12 urtetik beherakoek 5 euro, eta Bidetxurreko bazkideen seme-alabek doan dute. Ibilbide luzean parte hartzeko 12 urtez beherakoek heldu batek lagunduta egin beharko dute.

Izen ematearen ordainketa Ibarran egingo dute parte hartzaileek eta gero antolakuntzak jarriko duen autobusean joango dira Gazteluraino. Probak Gaztelun hasi eta Ibarran bukatuko dira. Ondoren anoa gune bat izango da Ibarran indarrak berreskuratzeko.

Lehenengo orientazio proba 2017an egin zen, bigarrena iaz eta aurtengoa da hirugarrena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!