Ibarrako biztanleria herrian geratzeko eta hirugarren adineko herritarrak ahalik eta egokien bizitzeko asmoa du alkategaiak.
Lau urtez egon zara alkate, zein balorazio egiten duzu?
Ezohiko urteak izan dira, tartean bi urteko pandemia izan baitugu, eta uste dut inork ez zuela horretarako formula magikorik. Bi urte oso gogorrak izan dira, baina hein handi batean oso aberasgarriak. Azkenean, indarra jarri behar izan dugu gizarte arloan.
Nola bizitu zenuen pandemia?
Ezjakintasun horretan alde batera edo bestera laguntza eskatu eta ahal genuena egin behar izan genuen. Gehien kezkatu gintuena elikagai bankuen itxiera izan zen. Herriko familia batzuek elikagaiak behar zituzten, eta hor indar handia jarri genuen. Familia horien beharrak ase zeudela ikustean, lasaitua hartu genuen. Egunerokotasun horretan, kabinete krisi txiki bat osatu genuen udaletxean, gai guztiak jorratzeko. Egoera nahiko ondo eraman genuela uste dut.
Aurten ere alkatetzara aurkeztu zara. Zergatik?
Alkate sartzen zaren garaian, lau urteko proiektu bat irudikatzen duzu zure buruan eta taldean. Pandemiaren ondorioz, lau urte hauek oso eskasak geratu dira, beraz, buruan genituen hainbat proiekturekin har bat gelditu zait. Jendeak ere horretara animatu nau, eta azken lau urteak egiteko hautua hartu dut.
Zein pauso eman nahiko zenituzke datozen lau urteetan?
Hainbat proiektu dauzkagu buruan. 2018. urtean plan orokor berria onartu zen, eta berritzen joango gara, gehienbat etxebizitzak modu errazago batean lortzeko, gazteak herrian geratzeko eta herri bizi bat izateko. Hori izango da apustua. Horrez gain, asko kezkatzen gaituen gaia hirugarren adina da. Izan ere, biztanleriaren laurdena 65 urtetik gorakoa da, eta gaur egungo bizimodua kontuan hartuta, mahai gainean hainbat aukera jartzen ari gara, eguneko zentroa, kasu.
Zer eskainiko dio EH Bilduk Ibarrari?
EH Bilduk azken bi legealdietarako izan dituen taldeak herrian bizi eta hazi den jendeak osatu ditu. Taldea osatzen duten gehienak eragile desberdinetatik datoz, bai kultur arlotik baita hezkuntza arlotik ere.
Erdibidean geratu zaizkizuen proiektuekin aurrera egiteko asmoa duzue?
EH Bilduk azken legealdian, gizarte arloko eta hezkuntza arloko proiektu ugari jarri ditu mahai gainean. Hezkuntza arloan, adibidez, tertulia literarioak daude. Beste ekimen oso polita pandemia garaian sortu zen Alkatea bai esan? proiektua izan zen. Bertan, gazteekiko gerturatze horretan haien iradokizunak eta kezkak elkarbanatzen genituen. Udaletxe instituzional hori ekidin nahi genuen nolabait, eta Ibarrako gazteriari udaletxeko ateak zabaldu nahi genizkion. Proiektu horrekin aurrera jarraitzeko asmoa daukagu. Horretaz gain, gizarte arloan, hirugarren adinekoekin etenaldi txiki bat izan genuen, baina zaintzarako apustu garbia egin nahi dugu. Azken legealdian ere igerilekuaren gaia asko eskatu zen, aurreproiektua egin eta zenbaki batzuk jarri genituen mahai gainean. Ikusi genuen, alde batetik, Ibarran ez dela bideragarria igerilekuaren instalakuntzarekin zulo sakona egin beharko genukeelako, eta, bestetik, kirol txartelak Ibarrako kiroldegiko erabiltzaileei beste kiroldegi batzuetara joateko aukera ematen dielako.
Eta, proiektu berriren bat egiteko asmorik?
Igerilekuaren kontu hori alde batera utzita, Ibarran areto nagusi bat egiteko ideia izan dugu. Izan ere, kultur eragile oso indartsuak daude herrian; dantza taldea, gaztetxea edota ikastola, esaterako. Guztientzat 365 egunetan erabilgarri egongo den antzoki bat egitea izango litzateke proiektu nagusienetako bat.