Lauburu KE Ibarrak Bigarren Mailara igotzeko playoff-a jokatuko du

Ataria 2023ko mai. 6a, 18:16

Argazkia: Lauburu KE Ibarra

Areto futboleko 2. B mailako talde ibartarrak 3-6 irabazi dio Anaitasuna liderrari, Iruñean, ligako azken jardunaldiko partidan; gaurko arerioa izango du aurkari kanporaketan.

Ia ezinezkoa zirudien arren, Lauburu KE Ibarrak argi erakutsi du gaur ametsak betetzeko direla. Denboraldi osoan etxean partidarik galdu ez duen Anaitasuna talde iruñarrari egin diete bisita ibartarrek, ligako azken partidan. Partida hasi aurretik laugarren zen sailkapenean Lauburu KE Ibarra; berdinketarekin aski zuen, hiru puntutara baitzuen Zierbena, bosgarren sailkatua. Bizkaitarrek bere partida irabazi eta gipuzkoarren porrotaren zain egon behar zuten, baina ez da hala gertatu, eta beraz, ibartarrek laugarren postuari eutsi diote. Anaitasuna, berriz, emaitzak emaitza, sailkapeneko lider izango zen.

3-6 irabazi du Ibarrak, partida on bat jokatuta. 1-0 aurreratu dira etxekoak, baina emaitza iraultzea lortu dute ibartarrek, eta 1-2 heldu dira atsedenaldira. Bigarren zatian, bi aldiz bi goleko errenta izan dute ibartarrek (1-3 eta 2-4), baina bi aldiz berdintzeko gol bakarrera jarri dira nafarrak (2-3 eta 3-4; atezain-jokalariaren sistema erabiliz egin dute azken gola). Hiru minutu pasatxo gelditzen ziren partida amaitzeko, baina ibartarrek, defentsako lan onari esker, berdinketa ekidin, eta gainera gol gehiago egin dituzte. Azkenean, 3-6 irabazi dute.

Emaitza honi esker, laugarren postuari eutsi dio Lauburu KE Ibarrak, eta orain, Anaitasuna bera izango du aurkari Bigarren Mailara igotzeko playoff-ean. Beste kanporaketa Otxartabe eta Pinseque taldeen artekoa izango da.

Ibarrako taldea ez da bakarrik egon Iruñean, eta 20 zale baino gehiagok partida hasieratik animatu dituzte jokalariak. Amaieran argazkia atera dute denek elkarrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!