XII. Elkartasun Kilometroa egingo dute bihar, Ibarran

Ataria 2023ko apirilaren 26a

Uzturpe Ikastolak antolatuta, San Bartolome plaza inguruan izango da ekitaldia, 15:00etatik aurrera; bildutako dirua Ucrania-Euskadi elkartearentzat izango da.

Bihar, osteguna, 15:00etatik 16:30tara XII. Elkartasun Kilometroa ospatuko dute Ibarrako San Bartolome plaza eta inguruetan; aurten, bildutako dirua Ucrania-Euskadi elkartearentzako izango da. Euskal ikastolak Ukrainiako eskolekin da aurtengo leloa. Ikasleek nahi adina diru bildu edota elkartasun buelta kopuru (sinbolikoki) egiteko aukera izango dute.

Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak aritu dira gaia lantzen. «Bizi baldintzek gure ongizatean duten eragina ikertu dugu bigarren hiruhilekoan. Azken hilabete hauetan, Ibarra, India eta Ukrainako osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak ikertzen aritu gara. UNESCO-ren haurren giza eskubideak ezagutzetik abiatu ginen, eta ikerketa honen amaieran, munduko leku desberdinetako haurren egoerak ezagutu ahal izan ditugu», azaldu dute. «Lortzen dugun diruarekin, Ukrainiako Poltava herriko 25. eskola, egun gerrako errefuxiatuentzako egoitza dena, konpondu nahi dugu. Izan ere, irailean ikasleak itzuli ahal izateko, lur azpiko gordelekuak zenbait egokitzapen behar ditu», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!