Abesbatza doinuak entzungai bihar, Ibarrako elizan

Ataria 2023ko api. 26a, 12:24

Eresargi abesbatza, artxiboko irudi batean.

Ibarrako IK koruak eta Villabonako Eresargi abesbatzak kontzertua eskainiko dute Ibarrako San Bartolome elizan 19:30etik aurrera. Maiatzaren 4an, 'Delphyne's prayers' dokumentala ikusi ahal izango da, kultur etxean, 18:00etan.

Datozen bi ostegunetan, bi kultur ekitaldi izango dira Ibarran. Batetik, bihar, apirilak 27, Ibarrako IK koruak eta Villabonako Eresargi abesbatzak kontzertua eskainiko dute Ibarrako San Bartolome elizan 19:30etik aurrera (20:15ean hileta egonez gero). Bestetik, Delphyne's prayers dokumentala ikusi ahal izango da maiatzaren 4an, 18:00etan, kultur etxean Alkatea bai esan? udal taldeak antolatuta.

2021ean estreinatutako dokumentala da Delphine's prayers eta Delphine gazte kamerundarraren erretratua egiten du, prostituzioaren barrunbeetan sartuz. Beste batzuk bezala, gure gizarte patriarkalek zapaldutako eta mendebaldeko sexu-kolonizaziora abandonatutako gazte afrikarren belaunaldikoa da Delphine. Bere kemen eta indarraren bidez, emakume afrikarrak giltzapetzen jarraitzen duten menderatze-eredu horiek azaltzen ditu.

Rosine Mfetgo Mbakamek zuzendutako lana da Delphine's prayers. Kamerungoa da eta Belgikan bizi da. Las dos caras de una mujer bamileke (2016) eta Chez Jolie Coiffure (2018) dokumentalak zuzendu zituen Ibarran ikusi ahal izango dena egin aurretik, eta azken horrekin nazioarteko hainbat sari irabazi ditu. Mbakamek migratzaileek Europan bizi duten bazterkeria salatzen du eta begirada koloniala deseraikitzen lagundu nahi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!