BABESTUTAKO EDUKIA

«Dibertsifikazio maila handiagatik aukeratu dut Gastronomia gradua»

Mondragon Unibertsitatea 2023ko api. 3a, 09:59

Asier Artola Bilbao (Ibarra, 21 urte) Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak graduko 3. maila ikasten ari da Mondragon Unibertsitatea-Basque Culinary Centerren.

Definitu zeure burua. Non egin dituzu orain arteko ikasketak? Baduzu hobby edo zaletasunik?
16 urte arte, DBH Ibarrako Uzturpe Ikastolan egin dut. Ondoren, Batxilergo ikasketak, Tolosako Laskorain Ikastolan egin ditut. Betidanik erakarri izan nau gastronomia munduak eta unibertsitateko ikasketen azken hautaketa egin aurretik, neure buruari test bat egitea erabaki nuen. Urte sabatiko bat hartu nuen, munduan zehar bidaiatu, beste kultura eta jateko ohitura batzuk ezagutu, eta tartean Donostiako Lanbide Heziketako CEBANC ikastetxean langabetuei eskainitako ikastaro batzuk egin nituen eta oso aberasgarria suertatu zen, sukaldaritza mundua barrutik ezagutzeko aukera eman zidalako.


Zergatik aukeratu zenuen Gastronomia eta Sukaldaritza Arteak gradua? Eta zergatik Mondragon Unibertsitatea?
Gastronomiaren munduan, Gipuzkoan dauden aukerak Lanbide Heziketako Goi mailako sukaldaritza gradu pare bat eta unibertsitate mailan Mondragon Unibertsitateko Basque Culinary Center dira. Eta Gastronomiaren mundua sukaldaritza bera baina zabalagoa delako eta dibertsifikazio maila handia eskaintzen duelako aukeratu dut unibertsitate gradu hau. 


Nola baloratuko zenuke orain arte bizitako esperientzia?
Hiru urte hauetan unibertsitatean bizi izan ditudan hainbat eta hainbat esperientzia eta ikasketekin asebeteta sentitzen naiz. Esperientzia anitz, berritzaile eta interesgarri asko izan ditut. Hala nola, lehen eta bigarren urteko tailer praktikoak, hirugarren urteko tailer esperimentala edo lehiaketa gastronomikoak.


Nola definituko zenuke Basque Culinary Centerren jasotzen duzun ikasteko metodologia?
Talde lanean, ikasleen eta irakasleen arteko elkarri eragitean, feedback-ean eta auto-ebaluazioan oinarritutako metodologia da. Urtero egiten dira praktikak. Honela, lehen kurtsoan hilabete batekoak eta bigarrenean, bi hilabetekoak izaten dira, Espainiako Estatu mailan; hirugarren kurtsoari dagokionez, berriz, hiru hilabetekoak dira, mundu mailan. Eta laugarren kurtsoan sei hilabetekoak, nazioarte mailakoak ere. 


Unibertsitatetik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Metodologia aktiboa, instalazioen kalitatea eta ekipamenduaren teknifikazioa. Kurtsoko ikasle kopuruaren antolaketa talde txikietan oinarritzen da, honek gertukotasuna ahalmentzen du. 


Zer-nolako ekarpena egiten dizu praktikak egiteak?
Praktikak ikasturtero egiteak garrantzi handia du. Gastronomia munduan asko dago ikasteko baina kozinatzen ikasteko jatetxeetara joan behar duzu. Praktiken bidez ostalaritza munduaren gogortasuna ere ezagutu dut. Nire esperientzia aipatzekotan, ospe handiko jatetxeetan praktikak egiteko aukera izan dut, hurrenez hurren; 1. kurtsoan Tenerifeko The Ritz-Carlton, Abaman dagoen Txoko by Martin Berasategin hiru hilabetez, 2. kurtsoan Eneko Atxaren Azurmendin 3 hilabetez, eta 3.ean, berriz, ikusteke dago. 


Etorkizunari begira zeintzuk dira zure asmoak?
Hirugarren kurtsoan espezialitate aukeraketa egiten da, abangoardia, DTA (Desarrollo de Tecnologías Alimentarias/Elikagaien Teknologien Garapena) eta kudeaketa artean. Nire kasuan, abangoardia espezialitatea aukeratu dut. Bertan lantzen dira: sormena, produktu desberdinen analisi sentsorial sakona eta sukaldeko teknika eraldatzaileak. Gradua bukatu ondoren, lauzpabost urte munduko jatetxe izardunen baten lan egitea, ikasteko eta dirua lortzeko. Ondoren, munduko gastronomia, kultura eta ohiturak ezagutu, bidaiatu, ikasi eta lan egitea, espezializazio eta jakintza anitza eskuratzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!