Ibarra-Galtzakomik liburuxka argitaratu du Galtzaundik

Leyre Carrasco 2023ko mar. 14a, 19:59

Lehiaketaren hamabosgarren urteurrena ospatzeko, azken bi edizioetan saritutako 22 lan bildu dituzte Ibarrako Udalarekin elkarlanean.

Euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea du helburu Ibarra-Galtzakomik lehiaketak. Galtzaundi Euskara Taldeak antolatzen du urtero, eta euskara hutsean Euskal Herrian egiten den lehiaketa bakarra izaten da. Hala, irudimenari tiraka, artista gazte eta helduek euskarazko istorioak komiki bihurtzeko aukera izaten dute.

Pauso bat aurrera eman nahi izan dute oraingoan, eta Ibarra-Galtzakomik komiki lehiaketaren hamabosgarren urteurrena ospatzeko, XVI. eta XV. edizioetan saritutako lanak liburuxka batean bildu ditu Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean.

Bertan, 22 lan jasotzen dira guztira, eta lau atal desberdinetan banatu dute liburuxka: bederatzi urteko irabazleen lanak jasotzen dituen atala da lehena; bigarrenean, berriz, 10 eta 12 urte bitarteko sarituen lanak jasotzen dira; hirugarrenean 13-16 urte bitarteko irabazleenak, eta azken atalean 17 urtetik gorako irabazleen lanak. Kategoria bakoitzeko lehenengo saria, bigarren saria eta Ibarrako onenaren lanak agertzen dira bertan.

Idoia Lahidalga Galtzaundiko kideak azaldu bezala, «azken hamabost urte hauetan komikiak aurkeztu dituzten guztiei eskerrak emateko eta lehiaketari ikusgarritasuna emateko» helburuarekin sortu dute liburuxka, eta hemendik aurrera ere jarraipena izango du. Lehen alea argitaratu berri dute, baina asmoa bi urtetik behin kaleratzea izango dela jakinarazi du Lahidalgak.

Liburuxka saritutako lanen egileen artean bakarrik banatu da, baina eskuratu nahi duen edonork oraindik horretarako aukera izango du Ibarrako udaletxean, Kultur Etxean edo Galtzaundiren egoitzan, doan.

Edizio berria

Aurten, XVI. edizioa izango du komiki lehiaketak, eta jada edizio berria antolatzen hasiak direla adierazi du Tomas Ugaldebere euskara teknikariak: «Espero dugu liburuxkan jasotzen diren lanak inspirazio izatea antolatzen hasia dugun komiki lehiaketako XVI. ediziorako».

610 izan ziren azken bi edizioetan Euskal Herria osotik lehiaketara aurkeztu ziren komikiak; 325 lan jaso zituzten XIV. edizioan, eta 285 komiki, berriz, XV. edizioan.

Edizio berrian parte hartze kopuru hori «handitzeko» asmoa dutela esan du Ugaldeberek, eta horretarako, komikia eta marrazkigintza pasio duen edonori gonbidapena luzatu diote, «bertan parte hartu eta euskarazko komikiak sortuz disfrutatzera».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!