PSE-EE alderdiko Narcisok Ibarra «modu aurrerakoian» eraldatu nahi duela dio. 20 urtez zinegotzi izan da Andoainen eta azken bi urteetan zinegotzia izan da Ibarran bertan. Goi-mailako titulua du Zuzenbidean eta egun teknikari komertziala da Ibarrako Apatta-Erreka industrialdean.
Esan du Ibarrako herritarren bizi kalitatea hobetzeko proiektu bat duela helburu eta etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egiteko proposamen zehatz eta egingarriak dituela. Nabarmendu du PSE-EEk aniztasuna, bizikidetza eta egonkortasuna bermatzen dituela. Legealdi honetako azken bi urteetan zinegotzi izan ondoren, hauek izango dira Fernando Narciso Ibarrako alkatetzarako zerrendaburu den lehenengo hauteskundeak. Aitortu du udal gobernuarekin zorrotza izan dela, baina COVID-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioz herritarrek bizi duten egoera zailari aurre egiten lagundu duela, betiere «politika erabilgarria gauzatzeko» xedearekin.
Gehitu du sozialisten asmoa ahalik eta ordezkaritzarik handiena lortzea dela eta herritarren bizitzaren hobetzeko erabilgarri izan nahi duela, bai alkate moduan gobernuko ardurak hartuz eta baita oposizio «arduratsua eta konstruktibo» bat eginaz ere.