Madariagako bi eraikinak erosi ditu Ibarrako Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 8a, 11:59

Etorkizun batean herriaren gozamenerako eta aisialdirako izango diren Emeterio Arrese kaleko 15 eta 17 zenbakietako eraikinak eskuratu ditu udalak.

Herriko ondarea berreskuratzeko lanketarekin martxan jarraitzen dute Ibarran. Legealdi hasieran ekin zioten helburu honi, eta hainbat proiektu egin dituzte dagoeneko; Aranzadi zientzia elkartearen eskutik, Arane baserriaren ondoan dagoen garbitokia eta iturria berreskuratzeko lanak hasi zituzten, besteak beste. Orain, herriko ondare moduan katalogatuta dauden Madariagako bi eraikinak erosi ditu Ibarrako Udalak; Emeterio Arrese kaleko 15 eta 17 zenbakietako eraikinak, hain zuzen.

Etorkizunean eraikin horiei erabilpen berri bat emateko asmoa dutela azaldu du Igor Zapirain Ibarrako alkateak: «Herri galdeketa bat egitea gustatuko litzaiguke eta herriak erabaki dezala zein erabilpen eman bi eraikin horiei. Betiere, nolabait, herriaren gozamenerako, aisialdirako eta kultur gunerako izango den zerbait egitea da asmoa».

Alkateak aitortu duenez udalak ezer galdetu gabe «bat-batean» etorri zitzaien eskaintza izan zen. Izan ere, bi eraikin hauek jabetza pribatua daukate, eta gaur egun oraindik ere maizterrak bizi dira bertan. Kontratua bukatzearekin batera lanean hasiko direla azaldu du Zapirainek, eta futbol zelaiaren alden dagoen eraikina ustutzen hastea dute asmoa, «modu desegokian dagoelako, eta horretarako, birgaitze txiki batzuk egin beharko dira».

Horrez gain, etorkizun batera eskola zaharreko arkua berreskuratzeko asmoa ere dutela gehitu du. «Eliza ondoan dagoen terrenoan, erreka aldean, lehen garai bateko eskola zaharreko arkua erorita dago, eta gure asmoa arku hori altxatzea eta benetan daukan garrantzia ematea da, plakatxo baten bitartez adieraziz zertan eta non zegoen jarrita», azaldu du.

Garbitokiaren berreskuratze lanekin batera, gainera, garai batean plazan erdian zegoen errebote harria agertu zen lurperatuta, eta hori plazara bueltatzeko asmoa ere dutela gehitu du.

Azpiegiturak hobetuz

Ibarrako Udala inguru naturala eta azpiegitura berdea hobetzeko lanean ere ari da. Eremu degradatuak leheneratzeko eta berroneratzeko diru laguntza eskatu ostean, Bista ona eremuko 01-745 partzelaren azpiegiturak hobetzeari ekin dio, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera.

«Mendia mugitzen ari da eta urteak damazkigu eremu horren lurrak egonkortzeko asmoarekin. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, eta, bide batez, beste herri bide bat irekitzeko proposamena egin genien», azaldu du Zapirainek.

Modu honetan, alde batetik, Euskal Herria 11 kalearen atzealdeko aparkalekuen gainaldetik Izaskunera doan bidearekin lotzen duen oinezkoentzako aisialdirako bide bat eraikiko dute, eta obrak hila honen bukaeran amaituko dituztela aurreikusten du.

Bestalde, lurzorua babesteko funtzioa handitzea dute asmoa, kalitatezko eta denboran iraunkorra izan den landare-estalkia ezarriz, bertako landaredi autoktonoa sustatuz, eta, era berean, flora aloktonoaren eta inbaditzailearen presentzia zein agresibitatea ere mugatu nahi izan dute.

Karga-puntu berria

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak ibilgailu elektrikoak kargatzeko instalazio publikoa ezartzen ari da Otarreaga 9 kaleko aparkalekuan; Sobres Izalbe enpresaren aurrealdean, hain zuzen.
Instalazioak 22kW-ko karga-puntu bat izango du ibilgailu elektrikoentzako, eta erabilera publikorako puntua izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!