Ibarra Sokatira Taldekoak Munduko Txapelketan izango dira

Ataria 2023ko martxoaren 7a

Euskal Herriko Sokatira Txapelketan, misto modalitateko podiuma.

Ipar Irlandako Parkgate herrian jokatuko da Munduko Sokatira Txapelketa bihartik larunbata bitarte eta Ibarra Sokatira Taldekoak bertan izango dira.

Gaur goizean iristekoak ziren eta guztira 21 pertsona joan dira: 18 tiratzaile, horietatik hamar emakumezkoak eta zortzi gizonezkoak, bi entrenatzaile eta klubeko lehendakaria.

Munduko Txapelketan klub moduan eta selekzio bezala lehiatu daiteke, eta lehiak 8x8ko modalitatean izaten dira. Ibarra Sokatira Taldearen kasuan, lau lehiaketatan parte hartuko dute. Emakumezkoen 500 eta 540 kiloko mailetan, gizonezkoen 600 kiloko mailan eta modalitate mistoko 580 kiloko mailan. Kluben arteko txapelketak bihar eta etzi izango dira jokoan. Euskal Herriak izango du ordezkaritza zabalena Munduko Txapelketan, hamar klubetako kideak joango baitira.

Selekzioen arteko lehiak ostiralean eta larunbatean izango dira. Euskal Herriko selekzioa maila bakoitzean txapeldun geratu den klubak ordezkatzen du. Aurten Ibarrak ez du lortu txapelik janztea 8x8ko modalitatean, eta beraz, ez dira lehian ariko. Batzuetan, Euskal Herria ordezkatzen duen klubak laguntza eskatzen die beste klubei zortzikoa osatzeko, baina oraingoz Ibarra taldekoek ez dute horrelako gonbidapenik jaso.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!