Rodrigo Vilar izango da Ibarrako EAJ-ren alkategaia udal hauteskundeetan

Ataria 2023ko mar. 1a, 16:00

Lau urtez alderdi jeltzaleko zinegotzi izan ondoren, taldekideek proposatuta heldu zaio alkate izateko aukera. Bere nahia «Ibarrak aurrera egitea» dela adierazi du aurkezpen ekitaldian.

Azken lau urteetan Ibarrako udaletxean zinegotzi izan ondoren, alderdikideek alkatetzarako hautagaia izatea proposatu zioten Rodrigo Vilar Arandari. «Nigan jarri duten konfiantza guztia eskertu nahi diet», adierazi du aurkezpenean. Ibartarren «lehen aukera» izateko «talderik onena» duela azpimarratu du.

«Aldaketaren garaia» dela esan du Vilarrek. «Ibarrarentzat proiektu desberdinak egin, eta eskualdearen, Gipuzkoaren eta Euskadiren erdigunean Ibarra jartzeko garaia da. Legealdi honetan erakutsi dugu lan egiteko ahalegin handia egin dugula, gure lehentasuna Ibarra dela, eta liskarrak edo tentsioak alde batera utzita, elkarrizketa eta hurbilketa nahiago ditugula arazoei aurre egiteko», gaineratu du.

Azken urteetan, krisia, Covid-19aren pandemia eta gerratea «erronka garrantzitsuak» izan direla nabarmendu du alkategaiak, eta esan du «uneoro aurre egin» dietela. «Arazoak baino gehiago, konponbideak eman ditugu. Izan ere, gure interesa Ibarra hazten jarraitzea da, Ibarrak aurrera egitea, Euskadin elkarbizitzarako eredu gisa erreferente izatea, guztiontzat herri bat izatea, ideia edo pentsamenduengatik inor baztertu gabe.

Etorkizunari begira, «protagonismoa» izango duen herri bat nahi du Vilarrek. «Denok dugu eskubidea gure herriak zein norabide hartu behar duen erabakitzeko. Baina batez ere, herri bizia nahi dugu, ohiturak errespetatzen dituena, baina Ibarra modernoago bat, bizi garen garaiarekin bat datorrena. Guztiok gure seme-alabak mundu hobeago batera iristea ahalbidetuko dugu. Adin guztietako ekintzaileak nahi ditugu, beraien ideiak egia bihurtzera ausartuz, porrotaren beldurrik gabe, ikasteko eta hazteko gogoz». Herriko afera desberdinen inguruan ere mintzatu da: «Autoa aparkatzeko arazorik gabeko herria nahi dugu. Etxebizitzen eskaintza sustatuz, gazteek beste nonbaitera bizitzera joan behar izan ez dezaten».

«Baldintzak betetzen dituen hautagaia»

Alkategaiak berak aipatutako aldaketa «ederki islatzen» duela esan du Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak. «Aurrera egin nahi dugulako, eta herri honek aurrera egin behar duelako, aurrera egitea merezi duelako. Horretarako, baldintza batzuk bete behar dira, eta Rodrigok (Vilarrek) betetzen ditu. Oinak lurrean eduki behar dira, burua argi, eskuak lanerako eta besoak zabalik. Eskualdeko eta lurraldeko ikuspegi bat daukagu, baita herri edo nazio proiektu bat ere, eta hori beharrezkoa da».

Elkarren arteko errespetua lurralde osoan hedatu behar dela gaineratu du Egibarrek. «Errespetutik eta ezagutzatik abiatuta, herri bat maitatzera heldu zaitezke, eta hori da gure altxorra, herri hau maite dugula, herritarrak ezagutzen ditugulako eta herritarrak errespetatzen ditugulako».

EAJ-ren proiektu nazionalak bi zutabe nagusi dituela azaldu du GBB-eko lehendakariak: Gizarte eraikuntza eta nazio eraikuntza. «Bi zutabe horiek elkar hartuta eraiki behar dira. Hamarkada guzti hauetan uztarketa hori zaindu nahi izan dugu, eta oreka hori lortu dugu, baina aurrera egiteko garaia da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!