Ibarrak bigarren egin du 500 kiloko mailan

Ataria 2023ko martxoaren 1a

Euskal Herriko sokatira denboraldia amaitzen ari den honetan, larunbatean Laukiz herrian sokatirako 8x8ko 560 kiloko gizonezkoen txapelketa eta emakumezkoen 500 kiloko finala jokatu ziren. Emakumezkoen kategorian aurreko bi saioetan sailkatutako sei taldeen artean jokatu zen finala, eta Ibarrak bigarren postua lortu zuen.

Ibarrako taldea gogor aritu zen txapelaren lehian, Beti Gazte talde nafarrarekin lehia estua izanik. Bi taldeen arteko tiraldiak luzeak eta gogorrak izan ziren. Baina, azkenean, ibartarrek bigarren postua eta zilarrezko domina eskuratu zituzten. Halere, eginiko lanarekin eta lortutako emaitzekin gustura, hurrengo asteburuan misto mailan txapela eskuratzeko animo handiz jarraituko dute lanean. Horrela izan zen sailkapena: 1. Beti Gazte, 2. Ibarra, 3. Gaztedi, 4. Badaiotz, 5. Amaiur eta 6. Abadiño.

Gizonezkoen 560 kiloko txapelketa egun bakarrean lehiatzen da. Sei taldek hartu zuten parte: Abadiño, Txantrea, Beti Gazte, Ñapurrak, Gaztedi eta Gohierri eta Gaztedi gailendu zen. Ibarrako taldea ez zen pisu horretan lehiatu.

Denboraldia amaitu eta munduko txapelketara joan aurretik, asteburu honetan jokatuko dira azken txapelketak. Junior eta 23 urtez azpiko kategoriak larunbatean, Matienan, jokatuko dira, eta misto kategoria igande goizean Ibarran, Belabieta kiroldegiko frontoian, 11:30etik aurrera. Ibarrako taldeak, igandekoari begira, misto kategoria horretan ere emaitza onak lortzeko gogotsu ekingo dio.

Argazkiak: Potronko

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!