Ibarra Sokatira Taldeak ezin izan du txapela jantzi

Ataria 2023ko otsailaren 2a

Euskal Herriko Sokatira Txapelketako bi mailatan finalak jokatu ziren larunbatean, Pobes herrian (Araba). Emakumezkoen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko finalak jokatu ziren, hain justu. Emakumezkoetan Ibarra Sokatira Taldeak aukerak zituen txapela janzteko, baina azkenean bigarren egin zuen.

Larunbatean hirugarren jardunaldia izan zen, eta, beraz, aurreko bi jardunaldietan lortutako puntuek ere balio zuten. Ibarraz gain beste bost talde zeuden lehian: Gaztedi, Beti Gazte, Badaiotz, Abadiño eta Amaiur. Aurreko bi jardunaldien emaitzen ondoren, Beti Gazte eta Ibarraren artean puntu berdinketa zegoen, eta beraien artean espero zen txapela jokoan izatea. Ibarrako taldea gogor saiatu zen nafarren aurka, baina ezin izan zuten txapela etxeratu. Oso maila ona erakutsi zuten, bigarren postuan amaituz eta zilarrezko domina eskuratuz. 500 kiloko txapelketari begira, eskualdekoek gogor entrenatzen jarraitzen dute, oraingoan txapela etxera ekartzeko ilusioz.

Gizonezkoetan, Ibarrako taldea ez zen sailkatu finalerako. Beti Gazte izan zen irabazlea, eta beste talde hauek izan ziren finalean: Zuraide A, Zuraide B, Ñapurrak, Gaztedi eta Amaiur.

Argazkiak: Potronko

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!