Jexux Mari Mujika txapeldunorde Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2023ko ots. 1a, 10:52
Argazkia: Danbolin.eus

Txikia IV.ak eta Azurmendik 30 minutu eta zazpi segundo behar izan zituzten sei kanaerdiko, sei 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzeko, Mujikak eta Otañok baino ia bi minutu gutxiago.

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Iñaki Azurmendi beasaindarra nagusi izan ziren larunbatean Zestoako kiroldegiko pilotalekuan jokatu zuten Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketan. Final estua izan zen, faborito argirik gabekoa, eta emandako ikuskizunarekin gozatu egin zuten bertaratu ziren dozenaka herritarrek.

Txikia IV.ak eta Azurmendik 30 minutu eta zazpi segundo behar izan zituzten sei kanaerdiko, sei 60 ontzako eta bi oinbiko ebakitzeko. Eneko Otaño beizamarrak osatu zuen bikotea Mujikarekin eta bigarren izan ziren, ia bi minutura. 31 minutu eta 48 segundotan bukatu zituzten lanak. Bigarren lekurako borroka estuagoa izan zen, Mikel Larrañagak eta Arkaitz Jauregik osatutako bikotea pare-parean izan baitzuten saio guztian. Azkenean, zortzi segundo gehiago behar izan zituzten horiek, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Lanak bukatzen azkenak Ugaitz Mugertza eta Julen Larrea izan ziren, 32 minutu eta 22 segundoko denbora eginda. 

Promozio mailan, berriz, Julen Kañamares eta Julen Olanok jantzi zuten txapela, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako hamabost minutu eta erdian ebakita. Hamalau segundoko aldea atera zioten bigarren gelditu zen bikoteari, Eneko Saralegik eta Asier Pellejerok osatutakoari. Hirugarren lekua, berriz, Eloy Corchero eta Aratz Mugertzarentzat izan zen, lanak hamasei minutu eta bi segundoan bukatuta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!