Pilotari profesionalen partida izango da Belabietan

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 1a, 11:59
Iztueta, Castro, Iturrioz, Goikoetxea eta Perurena, Balebieta frontoian.

Promozioko binakako txapelketako partida jokatuko dute larunbatean, eta herriko pilotari gazteekin osatuko da jaialdia.

Lehen aldiz pilotari profesionalen partida ikusteko aukera izango da Ibarrako Belabieta pilotalekuan. Promozio mailako binakako txapelketako neurketa izango da, eta bertan parte hartuko du Martxel Iztueta tolosarrak. Agirre aurrelariarekin batera Dario eta Bikuñaren aurka jokatuko du. Dariok Exposito ordezkatuko du, lesionatuta baitago.

Partida nagusiaren aurretik beste bat jokatuko da, Ibarrako Sendi Ekintza elkarteak antolatuta. Bertan parte hartuko dute Goikoetxea, Perurena eta Castro ibartarrek eta Gorostidi amezketarrak. Bikoteak Gorostidi-Goikoetxea eta Perurena-Castro izango dira.

Jaialdia larunbatean izango da, otsailaren 4an, 18:00etan, eta sarrera doan da; edukiera bete arte banatuko dira txartelak. Eskuratu nahi dituenak udaletxean eta kultur etxean du horretarako aukera.

Gazte mailan ari diren Ibarrako pilotariak bultzatzeko asmoz pentsatu zuten jaialdia antolatzea. «Festetan antolatu nahi izan genuen partidaren bat, baina azkenean berandu samar ibili ginen, eta festa batzordetik hitz egin zen udalarekin geroago antolatzeko», esan du jaialdiaren antolakuntzan dabilen Joseba Iturrioz Txantxan herritarrak. Pilotari ibartarrek herritarrak animatu dituzte Belabieta frontoira joatera, eta espero dute giro on bat izatea. Beraien partida parekatua izango dela espero dute.

Iztuetak ezagutzen du Belabieta frontoia, orain urte batzuk entrenatzen-eta bertan aritzen baitzen, eta txikitan partidak jokatu baitzituen bertan. «Ikusiko dugu frontoiak nola erantzuten duen profesionaletako materialarekin, baina frontoi ona da, eta frontisa eta zorua erregularrak dira», esan du pilotari profesionalak.

Promozio mailako txapelketan gorantz doaz Iztueta eta Agirre, eta egun bosgarren doaz, laugarrenarekin berdinduta, bost garaipenekin. «Hasieran Alberdirekin puntu batzuk lortu genituen, eta orain Agirrerekin ere oso gustura nabil. Agian jokoarekin ez gaude hain gustura, baina bai lortutako puntuekin», zehaztu du Iztuetak.

Erlazionatuak

Belabietako lau protagonistak

Asier Imaz 2023 ots 01 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!