Jexux Mari Mujikak Binakako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko du bihar

Ataria 2023ko urtarrilaren 27a

Julen Alberdi eta Jexux Mari Mujika

Eneko Otañorekin osatuko du bikotea aizkolari ibartarrak; 18:00etan hasiko da lehia, Zestoako pilotalekuan.

Lau bikote ariko dira txapelaren bila, baina ez dago faborito argirik. Julen Alberdi Txikia IV eta Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga eta Arkaitz Jauregi eta Ugaitz Mugerza eta Julen Larrrea dira beste bikoteak.

Alberdi banakako egungo txapelduna da, eta Aitzol Atutxarekin batera irabazi zuen binakako txapelketa 2021ean. Otaño bigarren izan zen banakakoan, Larrañaga hirugarren, Mugerza laugarren, Mujika zortzigarren, Azurmendi hamargarren, Jauregi hamaikagarren eta Larrea zazpigarren.

Lehen edizioan egin bezala, zortzi kanaerdiko, 60 ontzako sei enbor eta lau oinbiko ebaki beharko dituzte. Sarreren prezioa 20 eurokoa izango da; 18 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dute finala ikustera.

Promozio mailan ere finala jokatuko dute eta hiru bikote ariko dira txapela lortzeko lehian: Elory Corchero eta Aratz Mugerza, Eneko Saralegi eta Asier Pellejero, eta Julen Kañañamares eta Julen Olano.

Igandean, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako jardunaldia jokatuko dute lau aizkolarik, 12:00etan, Leitzako Amazabal frontoian. Iker Vicente eta Jon Rekondo, Joxean Etxeberriaren eta Luis Txapartegiren aurka lehiatuko dira. Nerea Arrutik eta Nerea Sorondok erakustaldia egingo dute, eta Paulo Azpiazuk, Errota Harria irabazi berri duen harri-jasotzaileak ere parte hartuko du Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!