Ibarra Sokatira Taldeko emakumezkoak, txapelaren lehian

Ataria 2023ko urtarrilaren 26a

Euskal Herriko Sokatira Txapelketako 540 kiloko kategorian ari dira lehiatzen Ibarrakoak, eta berdinduta doaz Beti Gazterekin, hirugarren jardunaldiaren faltan.

Euskal Herriko Sokatira Txapelketaren barruan, aurreko igandean emakumezkoen 540 kiloko eta gizonezkoen 640 kiloko txapelketetako bigarren sailkatze eguna izan zen jokoan Burgelun (Araba). Ibarra Sokatira Taldeko emakumezkoen taldeak finalera sailkatzea lortu zuten, baina gizonezkoen taldeak ezin izan zuen pauso hori eman.

Emakumezkoetan sei taldek hartu zuten parte: Gaztedi, Beti Gazte, Badaiotz, Abadiño, Amaiur eta Ibarra. Beti Gazte eta Ibarraren artean izan ziren lehen postua lortzeko tiraldi gogorrenak. Lehen sailkatze egunean Ibarrakoak geratu ziren lehen postuan, baina oraingoan Beti Gazte nagusitu zen. Hauxe izan da asteburu honetako emakumezkoen sailkapena: 1. Beti Gazte, 6 punturekin; 2. Ibarra, 5 punturekin; 3. Gaztedi, 4 punturekin; 4. Badaiotz, 3 punturekin; 5. Amaiur, 2 punturekin; eta 6. Abadiño, puntu batekin.

Taldeek bi jardunaldietan lortutako puntuak kontuan hartuta, Ibarra eta Beti Gazte daude lehen postuan berdinduta, 11 punturekin. Puntu berdinketa izanik, bi taldeek ahalik eta txukunen tira egin beharko dute, hirugarren jardunaldian irabazi eta txapela lortzeko. Larunbatean jokatuko dute hirugarren eta azken jardunaldi hori, Pobesen (Araba).

Gizonezkoetan, berriz, zortzi taldek hartu zuten parte: Ibarra, Zuraide A, Zuraide B, Beti Gazte, Amaiur, Ñapurrak, Gaztedi eta Abadiño. Igandean eta aurreko asteburuan lortutako puntuazioaren arabera, sei talde sailkatu dira larunbatean jokatuko den finalerako, eta Ibarrako taldea ez da horietako bat izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!