Ibarrako zinegotzi baten aurkako erasoa salatu du EAJ-k

Ataria 2023ko urtarrilaren 25a

EAJ alderdiak salatu duenez, iragan larunbat arratsaldean Koldo Cid EAJ-ko Ibarrako zinegotziari eraso zioten Ibarran. Igandean salaketa jarri zuen Ertzain-Etxean.

«Erasotzailea iraintzen hasi zitzaion eta ukabilkada bat eman zion aurpegian eta ostikada urdailean, EAJren aurkako irainak esaten zituen bitartean. Gainera, hainbat herritar zeuden begira, eta ez zuten ezer egin», esan dute.

EAJk gertakari horien gaitzespen irmoa adierazi du, eta esan du, Ibarrako EAJ-ko zinegotziek denbora luzez irainak eta begirada txarrak jasan dituztela. «Gure herrian, gure gizartean, oraindik ere badira pentsamolde ezberdinak batera egotea onartzen ez dutenak, eta hori onartezina da. Jarrera horiek ez dute lekurik Ibarran, eta behingoz amaitu behar dute». 

Ibarrako EAJ-tik pertsona guztiak errespetatzea eskatu dute, «haien ideologia, militantzia edo kidetasun politikoa edozein izanda ere».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!