Lauburuk Dylan Zuluaga fitxatu du

Ataria 2023ko urtarrilaren 25a

Lesioak direla eta, taldea «oso egoera zailean» dagoela esan dute; oreka handia emango diola espero dute.

Laubururen lehen taldeak jokalari berria du: Dylan Zuluaga. Kolonbiarra da, eta erkidegoko futbol taldeetan lehiatu da orain arte, El Pozoko bigarren taldean, esaterako.

Taldetik esan dutenez, lesioak direla eta, taldea «oso egoera zailean» dago. «Denboraldi osorako baja izango da Eric, eta horri gehitzen zaizkio Iliasen, Oscarren eta Uriren ondoezak. Ondorioz, nabaria da taldearen errendimenduak izan duen beherakada, eta Jotak zuzendutakoen ezker profila ahuldu egin da bereziki». Beraz, hor kokatzen da Zuluagari egindako eskaintza.

Jokalari berria urtarrilaren 2an hasi zen taldearekin entrenatzen, eta probaldia gainditu ondoren, iragan asteburuan debutatu ahal izan zuen bere egungo taldekideekin batera Zierbenaren aurkako norgehiagokan.

Ibarrako zaleei dagokienez, Lauburutik azaldu dutenez, jokalari berria kantxan jokatzen ikusteko aukera aste honetan izango dute. Klubetik ongietorria eman diote Zuluagari, eta esan dutenez, 23 urteko jokalariak bere ametsetako bat bete du: debuta egitea areto futboleko maila nazional batean. «Ezker hegala, baloi-tratu ona... ziur oreka handia ematen saiatuko dela jokoan».

Zuluagak berak esan du «oso pozik eta eskertuta» dagoela Laubururekin bat egiteagatik, eta taldeari «ekarpen garrantzitsua» egiten saiatuko dela. Era berean, esan du bigarren mailara igotzeko play off-a jokatzeko ilusio berezia duela, eta partida bakoitzean zaleei poz handia emateko gogoz dagoela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!