ELKARRIZKETA

«Denbora generaman pentsatzen zerbait handia egin nahi genuela»

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 25a, 11:59

Kanadara izotz eskalada praktikatzera egindako bidaia laburbiltzen duen 'Mendian bihotz' dokumentala aurkeztuko dute Aitzol eta Beñat Doyharzabal anaia ibartarrek, gaur, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean; solasaldia egingo dute ondoren.

Familiatik datorkie elurraren bueltako kirolekiko zaletasuna Aitzol eta Beñat Doyharzabal anaia ibartarrei. Duela bost urte Kanadara joan ziren biak, izotz eskalada praktikatzera, eta Mendian bihotz dokumentalean bildu dituzte hango bizipenak. Gaur izango da estreinaldia, 19:00etan, Ibarrako kultur etxean.

Zer da dokumentalean jaso duzuena?

Beñat Doyharzabal: Duela bost urte Kanadara joan ginen. Denbora asko generaman pentsatzen zerbait handia egin nahi genuela. Hemen ibiltzen ginen, baina puntu bat iritsi zen zerbait gehiago nahi genuena, eta izar guztiak lerrokatu zitzaizkigun: lanean hilabeteko baimena hartu eta bi asterako Kanadara joatea erabaki genuen.

Pentsatu eta egin.

Beñat: Aurretik asko entrenatu genuen, eta bidaia baino lehen Alpeetara joan ginen ibiltzera eta behin Kanadara iritsita, erabat izotzetan ibili ginen.

Zein eremutara joan zineten?

Aitzol Doyharzabal: Canmore herrian egon ginen eta Banff National Parkera joan ginen izotz eskalada egitera. Rocky Mountains da mendikatearen izena, eta Banff mendikate horretako zati bat da; 200 kilometro inguru ditu. Ur jauziak edonon daude.

Behin Kanadara iritsita nola antolatu zineten?

Beñat: Pirinioetan edo Alpeetan lekuak ezagutzen ditugu, baina hura leku ezezaguna zen. Materiala prestatuta eraman genuen, eta hara iristean, hainbeste leku zegoen, ez genekiela nora joan. Gidaliburu bat hartu behar izan genuen, eta hango jendearekin ere hitz egin genuen egoera nolakoa zen jakiteko. 4X4 ibilgailu bat ere alokatu genuen. Egunero, eskalatu behar genuen lekura iristeko ordubete edo bi pasatzen genituen, eta gero hurbilbidea nahiko gertu izaten genuen, ur jauziak hor bertan zeudelako. Egoeraren arabera, arriskuak saihestuz aukeratzen genuen zein eremu eskalatu.

Material guztia hemendik eraman al zenuten?

Beñat: Guztia etxetik eraman genuen, eta han hautsitako zerbait soilik erosi behar izan genuen.
Aitzol: Eskiak eraman nahi genituen, pixka bat ibili ahal izateko, baina oso-oso garestia zen eramatea. Egun batean, besoek atseden har zezaten, eskiak alokatu genituen.
Beñat: Nik, esaterako, airbag motxila bat neraman, elur jausietarako, eta hegazkinean debekatu egin zidaten sartzea, gas batekin funtzionatzen duelako, eta han alokatu behar izan nuen.

Egindako aurreikuspenak bete zitzaizkizuen?

Aitzol: Espero baino hobeto joan zen. Egunero-egunero atera ginen mendira, hamahiru egunez.
Beñat: Atseden hartzeko egun bat hartu behar genuela eta bailaran zehar autoan atera ginen hurrengo egunean zer egin genezakeen ikustera, eta egun horretan ere eskalatzen amaitu genuen.

Irudiak hartzeko nola moldatu zineten?

Beñat: Garbi geneukan bidaia dokumentatu egin nahi genuela. Gero, akaso, helburua ez zen emanaldi bat ematea, baina material dezente geneukan eta forma eman nahi izan diogu. Mattin Garitano lagunak egin digu muntaketa eta istorio bat osatu du guztiarekin.

Ohituta zeundeten kirola egin bitartean irudiak hartzera?

Aitzol: Sare sozialetan ibiltzen naiz pixka bat, eta mugikorrarekin egiten dut egiten dudana. Baina GoPro kamera batekin ez nengoen ohituta, adibidez.
Beñat: Horretan ibiltzen direnek beste pertsona bat eramaten dute irudiak hartu eta bideoak egiteko. Gure kasuan, bat aurretik eta bestea atzetik gindoazen, eta ahal genuena egiten genuen GoProarekin eta mugikorrarekin. Egiten zuen hotzarekin, gainera, bateriak gutxiago irauten zuen, baina material polita bildu genuen.

Noiz hasi zineten izotz eskalada praktikatzen?

Aitzol: Hamazazpi urte ingururekin hasi nintzen. Hori da anaiak eta biok konpartitzen dugun kirola. Arrokan eskalatzen dugu, eskiatzen dugu, baina bioi gehien gustatzen zaiguna izotz eskalada da. Inauterietan urteroko gure plana Alpeetara joatea zen, izotz eskalada egitera. Kanadara ere otsailean joan ginen.

Izotz eskalada egiteko zer ezin da ahaztu?

Aitzol: Batik bat pioletak eta kranpoiak. Teknikoak dira, bereziak, ez dira elurretan ibiltzen diren berdinak. Eta gero izotzetan sartzen diren torlojuak behar dira; botak ere oso bereziak dira, polaina bat daukate hanka estaltzeko. Orokorrean, arropa eta material teknikoa da.

Zer nolako tenperaturak izan zenituzten?

Aitzol: 26 gradu zero azpitik izan genuen behin. Hatz muturrak belztuta amaitu nuen.
Beñat: Nik azken egunean izozketa txiki batzuk izan nituen, eskerrak azken eguna zela. Denbora asko egoten zara tenperatura oso baxuetan eta eskuetan ezin dituzu sekulako eskularruak eraman, mugimendua behar duzulako. Eskalatzeko momentuan arin zoaz, eta bukatzen duzunean eskularru lodiak jarri behar izaten dira, baina sufritu genuen bai.

Ur jausietan ibilita, busti ere egiten zarete?

Beñat: Bakarren batean bai, baina hainbestekoa da hotza, hezetasunik ere ez dagoela. Pentsa, ura eraman beharrean kafea edo tea eman behar izaten dugu termoan.

Horrelako pareta bat eskalatzeko zenbat denbora behar izaten zenuten?

Aitzol: Hamabi ordu inguru.
Beñat: Izotzetan denbora erraz joaten da. Normalean, egun osoko aktibitatea izaten zen.

Bazebilen jenderik?

Aitzol: Bazebilen, baina ez asko. Bakarrik ibili ginen, hain da handia... Bakardade sentsazioa genuen, eta pentsatzen genuen: hemen zerbait gertatzen bazaigu ea zer pasatzen den.

Nolako paretak dira?

Aitzol: Izotzezko burruntziak elkarrekin itsasten dira eta zulo txikiak geratzen zaizkie, baina beste batzuetan horma lisoak izaten dira, izotz bizi-biziarekin.

Eta altuerari dagokionez?

Aitzol: Zazpiehun metrotakoak egin genituen.
Beñat: Uzturre ikusten? Ba Uzturre moduko ur jausi oso bat izan daiteke. Sekulako paisaiak ikusi genituen, ikusgarria izan zen.
Aitzol: Eta animalia mordoa ikusi genuen: Altzeak, otsoak, puma bat...
Beñat: Zer ziren identifikatu gabeko animalia asko ikusi genituen bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!