Bigarren lana aurkeztu du La Topadorak: 'Karma'

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 23a, 19:59
La Topadora taldeko kideak. Argazkilaria: Marisol Ramirez / FOKU.

Enrikko Rubiños bateria-jotzaile ibartarraren taldearen disko berriko 10 kantetan nagusi dira ska eta reggae doinuak, baina cumbia eta elektronikari ere ireki diete atea. Rubiños bera arduratu da abesti baten letra egiteaz.

La Topadora talde nafarrak bigarren diskoa kaleratu du. ‘Karma’ deitu diote, datorrenaren aieru izango denaren esperantzaz. 10 kanta sortu dituzte album berrirako eta lehendabizikoz Enrikko Rubiños bateria-jotzaile ibartarra arduratu da abesti baten letra egiteaz: «Itxialdian sortutako kanta da Inoiz ez, eta guk jotzeko eta jendeak entzuteko geneukan gogo hori islatzen du», esan du Rubiñosek.

Ukaezina da ska eta reggae doinuak direla ‘Karma’ lanaren bizkarrezurra, nahiz eta erritmo desberdin ugari jaso dituzten diskoan. 10 kantuetatik bi egin dituzte euskaraz: arestian aipatutako Inoiz ez eta Muxu. Bigarren honen letra Manu Gomez Genuak idatzi du eta Amets Larrazak grabatu du ahotsa.

Diskoko Ya ves tú qué tontería kanta «berezia» dela adierazi dute, Gloria Fuertesen olerki bati musika jarriz sortu baitute, Javiero Etxeberria gitarra-jotzaileak azaldu duenez: «Bagenuen haren berri, baina sakonago ezagutu genuen neskato batzuek egindako antzerki baten harira, eta pertsonaia interesgarria iruditu zitzaigun».

Frenético izan da kaleratu duten azken kantua; pasa den asteazkenean plazaratu zuten. Brigi Duke abeslari eta gitarra-jotzaile nafarrak parte hartu du abestian eta ska-metala bada ere, elektronikotik ere badauka zerbait.

Gaizka Otsoa taldeko tronboi-jotzailearekin batera, urtarrilaren 20an egin zuten azken kontzertua, Madrilgo Hangar 48 aretoan. Zorrotzako gaztetxean arituko dira otsailaren 4an, eta 18an Sopelako inauterietan. Martxoaren amaieran egitekoak diren Iruña Rock jaialdian ere egingo dute kontzertua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!