Gazteak ahalduntzeko programaren barruko saioa egingo dute bihar

Jon Miranda Labaien 2023ko urt. 18a, 07:59

Ibarrako ‘Sexkuntza: Nolakoa da nire sexualitatea?’ tailerra egingo dute Gazte Zulon 17:00etatik 20:00etara; 16 eta 22 urte arteko gazteentzat bideratutako saioa izango da.

Gipuzkoako gazteei beren ahalduntze prozesuan lagunduko dien prestakuntza eskaintza egiten ari da duela hiru urtetik hona Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendaritza. Treba Gazteak izenarekin, beren emantzipaziorako, garapenerako eta hazkuntza pertsonal zein kolektiborako tresnak ematen dizkiete. Saio hauen barruan, bihar, Sexkuntza: Nolakoa da nire sexualitatea? doako tailerra eskainiko da Ibarran. 16 eta 22 urte arteko gazteei zuzendutako tailerra izango da eta Gazte Zulon egingo dute Eider Goiburu trebatzaileak gidatuta, 17:00etatik 20:00etara.

Donostiako Gaztegunean abiatu zuten Treba Gazteak programa, iaz zazpi udalerrietara zabaldu zuten eta aurten herrialde osoko 18 herrietan eskainiko dira hitzaldi eta tailerrak. Gazteria zuzendaritzako Xabi Ximenez teknikariak azaldu duenez, hezkuntza formalean ematen diren gaietatik urrunduta, gazte eta nerabeen garapenarekin zerikusia duten gaiak hautatu dituzte Treba Gazteak ekimenerako. «Trebakuntza saioak 50 gazte baino gehiagoren iritzia kontutan hartuta erabaki dira. Gaztentzat interesgarriak diren gai ezberdinei buruzko tailerrak prestatu ditugu», esan du Ximenezek. Besteak beste, adimen emozionala, feminismoa, osasun mentala eta ekologiari buruzko saioak eskaintzen dituzte programaren barruan. «Aurtengo ikasturterako, adibidez, suizidioari buruzko beste hitzaldi bat gehitu dugu». 

Saio «dinamikoak» izaten saiatzen direla aipatu du Ximenezek. Tailer parte hartzaileak izaten dira eta gaiaren inguruan eztabaidatu eta iritzia emateko aukera izaten dute gazteek. «Saioetako bakoitza dinamizatzen duen trebatzailea gaztea izaten da eta konplizitatez lantzen du gaia bertaratutakoekin».

SEXKUNTZAZ IBARRAN

Bihar, Ibarrako Gazte Zulon, norberaren sexualitatea nolakoa den argitzen saiatuko dira 16 eta 22 urte arteko gazteekin. Eider Goiburu arituko da gidari: «Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria sailak Sexkuntza izeneko web gunea sortu zuen 2019an. Unescok landutako marko teoriko batetik abiatzen da lanketa, non helburua den gazteen ongizate sexuala bermatzea eta gazteen arteko harreman osasuntsuak bultzatzea. Marko teoriko hori lurreratzeko ekimen ezberdinak egin dira, eta tartean, Treba Gazteak programaren barruko formazio saioak daude».

Orain arte, formazio saioak hezkuntza ez formaleko kolektibo ezberdinei eskaini izan dizkiete. «Askotan pentsatu arren sexualitatea gaur egun modu irekiagoan eta askeagoan bizi dugula, lotsa eta erruduntasun sentimenduak asko izaten dira. Guk tailer hauetan espazio segurua eskaintzen dugu, espazio zaindua, jendeak bere bizipenak parteka ditzan. Hilabeteotan hezitzaileekin eta gurasoekin egin izan dut lan eta oso balorazio positiboa egiten dut», esan du Goiburuk.

Treba Gazteak programaren barruan hitzaldi eta tailerrak eskaintzen dituzte herriz herri. Bihar Ibarran eskainiko dutena tailerra izango da, eta hortaz, metodologia parte hartzailea jarraituz gazteen ezagutza, bizipen eta esperientzietatik abiatuta landuko dute sexualitatea. «Sexualitatearen barruan hiru dimentsio bereizten ditugu: norberarena, besteekin harremanetan jartzerakoan sortzen dena, eta azkenik, testuinguruarekin lotutakoa. Biharko saioan, norberaren sexualitatearen ezagutzan sakonduko dugu, autoezagutzan. Norberaren desioak ezagutu, inguruneak guregan nola eragiten duen ikusi, komunikazio bideak aztertu eta kolektiboki hausnartu nahi genuke sexualitate osasuntsu baterako gakoak ezagutzeko». 

Gurasoentzat trebakuntza saioa Iruran

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendaritzak antolatutako prestakuntza-eskaintzak Treba Gazteak adarrarekin batera beste hainbat ere lantzen ditu. Besteak beste, gurasoei, familiei eta profesionalei, haur eta nerabeen heziketan laguntzeko baliabideak ematen dizkiete. Modu batean edo bestean trebatzeko hainbat jarduera antolatzen dituzte askotariko formatuetan.

Treba Gurasoak ekimenaren barruan, datorren astelehenean doako hitzaldi bat antolatu dute Iruran. Arauak eta mugak familian. Nola ezarri era asertibo batean saioa eskainiko du Leyre Cano trebatzaileak. Haurren gurasoentzako hitzaldia izango da, euskaraz, herri eskolako aretoan, 17:30etik 19:00etara.

Irurako saioan izen emateko gazteria@irura.eus helbidera idatzi daiteke edota 688 82 72 06 telefonora deitu. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, zaintza zerbitzua izango da saioak irauten duen bitartean. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!