Ibarrakoak lehen postuan jarri dira 540 kiloko kategorian

Ataria 2023ko urtarrilaren 12a

Sokatirako denboraldian 8x8ko lehiaketekin hasi dira. Ibarra Sokatira Taldeko emakumezkoek 540 kiloko lehen jardunaldia izan zuten, eta mutilek 680 kiloko finala. 

2023 urteari hasiera ematearekin batera, pasa den asteburuan Euskal Herriko 8x8ko Sokatira Txapelketari ekin zioten. Larunbatean, urtarrilak 7, 680 kiloko txapelketa lehiatu zen Hazparne herrian (Lapurdin). Bertan sei taldek hartu zuten parte: Zuraide A, Zuraide B, Gaztedi, Ñapurrak, Beti Gazte eta Ibarra. Eskualdeko taldeak ez zuen txapela lortzerik izan; izan ere, 680 kiloko txapelketan 630 kiloko taldearekin lehiatu baitzuen, eta pisu diferentziak eragin handia baitu. Beti Gazte izan zen garaile.
 
Igandean emakumezkoen txanda izan zen eta 540 kiloko kategoriari eman zioten hasiera. Hiru jardunaldi izango dira guztira, eta lehenengoa Lesakan jokatu zen. Ibarrako Sokatira Taldeko neskez gain, beste bost taldek hartu zuten parte: Gaztedi, Beti Gazte, Badaiotz, Abadiño eta Amaiur. Tiraldi gogor batzuen ostean, eguneko sailkapenean Ibarrako taldeak aurrena geratzea lortu zuen, Beti Gazte atzetik zuelarik. Horrela izan zen sailkapena: 1. Ibarra, 6 puntu; 2. Beti Gazte, 5 puntu; 3. Gaztedi, 4 puntu; 4. Badaiotz, 3 puntu; 5. Amaiur, 2 puntu; 6. Abadiño, 1 puntu.
 
Argazkiak: Potronko

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!