Urtekaria 2022

Irribarrez betetako urtea

Ataria 2023ko urt. 4a, 14:00

2022 betea izan dute ibartarrek. Kilometroak urtea antolatzeko ardura izan du Uzturpe ikastolak eta egun bakarreko jai eredutik, urte guztian zehar zabaldu den ekitaldi sortara egin dute jauzi Ibarran.

Jai parte hartzaileagoa egitea, ikastola batetik ikastola guztietara salto egingo duena eta herritik atera eta Gipuzkoara hedatuko dena, baita Euskal Herrira ere. Eta egun batetik urte osora zabalduko dena; komunitate osoaren parte hartzea sustatuko duena, bereziki ikasleena», horrela aurkeztu zuten 2022ko Kilometroak. Jai egun erraldoi bakarra atzean utzi, eta Kilometroetako oinarriak urte guztira zabaltzea zen helburua, eta baita lortu ere. Herri kirol jaialdia, bertso saioak, Milimetroak, Kilometroak Txikia, munduko gastronomien azoka... ekitaldi ugari jaso ditu herriak azken hilabeteetan. Irrabarra izan zen aukeratutako leloa eta horri lotuta irribarre bat erakutsiz ageri ziren pertsonen argazkiak bildu eta mapa digital batean kokatu zituzten, irribarreen atlas moduko bat osatuz Infinitu Irribarra izenpean. Izan ere, ezin ahaztu lehen ekitaldiak antolatzerakoan COVID-19ari lotutako hainbat neurri indarrean zeudela, eta ondorioz ekitaldien sorta ezin izan zutela nahi bezala hasi.

Auzolana oinarri
Josu Ozaita Azpiroz Kilometroetako koordinatzaileak argi zuen Kilometroak urtea egingo bazen, Uzturpe ikastolaren komunitateak eta herritarrek bat eginda osatutako auzolan erraldoiari esker egingo zela, eta horrela izan zen. Urriaren 2ko Kilometroak egunean bakarrik ia 800 pertsona aritu ziren lanean, baina urte osoan zehar ospatutako ekitaldietan ere ikastolako zein herriko pertsona asko aritu ziren boluntario lana egiten. «Auzolan erraldoia izan da, herriaren izena eta izana zegoen jokoan eta bakoitzak ahal zuen lekutik eta neurrian lagundu du. Horrek poz handia ematen digu. Ez genuen ikastolako kontu bat bezala geratzea nahi», esan zuen Aitor Bengoa Ansa Uzturpeko zuzendariak.

Herritarren ezinbesteko ekarpena izan da 2022ko jaiaren gakoetako bat, eta baita batzordeen osaketa ere. Hainbat gai aukeratu zituzten eta fokua ohiko tokietako kanpo jarri. Esaterako, bertako jantokia oso presente egon da Kilometroak urtean. Ikastolan duela 25 urte erabaki zen bertako sukaldaria jartzea, janaria bertan prestatzeko eta sukaldariak egunero egiten ditu erosketak herriko saltokietan. Beraz, Kilometroetan bertako jantoki hori islatu nahi izan zuten, eta horretarako, gastronomiak garrantzia izan zuen. Alor horretan, piperra ere ez zen falta izan eta herriko baratzeek ere izan zuten protagonismoa. Kulturartekotasunari begira ere jarri ziren. «Jatorri ezberdinetako jendea dago ikastolan, aberatsa da hori, eta euskal kultura konpartitzeaz gain, beste kulturak ezagutu nahi ditugu», esan zuen koordinatzaileak.

Helburuak beteta pasa da Kilometroak urtea Ibarran, eta lortutako dirua patioa berritzera bideratuko dute. «Tamalez, egungo ikastolako patioa ez da jolas egin, esperimentatu edota kirola egiteko toki aproposena, eta arriskutsua ere bada, zenbait puntutan», esan zuen Usue Sukia Zurutuza zuzendariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!