N-1 errepide azpiko zutabean zein mural margotu erabakiko dute ibartarrek

Ataria 2022ko abe. 16a, 12:41

Gure Eskuk mural bat margotu zuen bertan, 2014an.

Ibarrako Udalak azpikontratatutako margolari baten laguntzarekin egingo du, dagoeneko mahai gainean jarri berri diren hiru bozetoen artean bat aukeratu ondoren.

Herriko merkataritza indartzeko eta merkataritza horren iraupena bermatzeko helburuarekin, Ibarrako Udala zenbait jarduketa garatzen ari da 2022an, Ikei aholkularitza taldearen laguntzarekin egindako PERCO (Merkataritza Biziberritzeko Plana) egin zuenetik. «Zerbitzuen sektoreak (merkatari txikiak, ostalaritza, jatetxeak eta zerbitzu orokorrak) aldaketa handiak izan ditu azken urteotan. Merkataritza formula berrien eta erosteko zein kontsumitzeko ohitura berrien ondorioz, sektorea berrantolatzeko prozesu garrantzitsua gertatzen ari da lehia geroz eta handiagoa den sektorean».

Azterlan horretatik, besteak beste, turistikoki Ibarraren balio erantsia zabaltzea ondorioztatu zen; esaterako, herriko nortasunarekin loturiko irudia herri sarreran margotzearekin edota eraikitzearekin. «Piperrak historian zehar bilakaera garrantzitsua izan du Ibarran, herriaren ikur edo sinbolo bilakatzera iritsiz eta ibartarren nortasunarekiko atxikimendu bereizi ezina bihurtuz», esan dute. Horregatik, udalak N-1 errepide azpiko zutabean margotuko den muralaren irudia (piperrarekin loturikoa) aukeratzeko bozketa herrikoia jarri du martxan.

Abenduaren 22a baino lehen bozkatu behar dute herritarrek, ondorengo bideetako bat erabiliz: online, udalaren webgunean, edo presentzialki (urna bana jarriko da udaletxean, kultur etxean, Laos ileapaindegian, Oramahai okindegian, Bikoitz arrandegian, Goxobin, Karlatzen eta Tarukutrakun).

1. aukera: 2. aukera: 3. aukera:
Lehenengo horma-irudian, belaunaldi ezberdinetako pertsonak ikus ditzakegu, biloba eta haren amona Ibarrako baratze batean lanean. Irudi honek etorkizuna eta tradizioa islatu nahi ditu. Amonak Ibarrako kolorea darama soinean. Bigarren horma-irudian, bikote bat ikus dezakegu, aitona eta amona bat. Horma irudi honek tradizio familiarra aldarrikatzen du, Ibarrako pipar ekoizle askoren kasuan horrela izaten baita.  Amona Ibarrako koloreekin jantzita dago. Hirugarren horma-irudiaren gaia berdina da, senideen arteko kultur transmisioa, tradizioa eta etorkizuna, baina kasu honetan diseinuak ikutu modernoago bat dauka. Bertan collage bat egin da eta amonaren eta bilobaren argazkiak nahastu dira pertsona bakar bat osatuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!