Ibarra Sokatira Taldeak txapela lortu du 4x4 misto mailan

Ataria 2022ko abe. 13a, 16:00

Hiru laukote aurkeztu zituen eskualdeko taldeak Euskal Herriko Txapelketara modalitate horretan, eta Ibarra A izan zen lehen postua lortu zuena Berriozarren jokatutako lehian.

Ibarrako Sokatira Taldeak Euskal Herriko Txapelketako 4x4ko misto mailan hiru talde aurkeztu zituen, eta urrezko domina etxera ekartzea lortu zuen. Guztira 9 talde aritu ziren lehian kategoria horretan. Amaiur, Berriozar, Badaiotz, Txantrea, Beti Gazte, Antsoain, Ibarra A, Ibarra B eta Ibarra C. Urrezko domina Ibarra A taldeak lortu zuen. Larunbatean jokatu zen txapelketa, jardunaldi batera, Berriozarren (Nafarroa). Misto mailakoa 280 kilokoa izan zen, eta 20 urtez azpiko mailan azken saioa ere egin zuten, baina hor ez zegoen Ibarrako talderik. 

Misto mailan bi multzotan banatuta lehiatu ziren taldeak, batean lau talderekin eta bestean bost talderekin. Ondoren, multzo bakoitzeko pareko postuak aritu ziren elkarren aurka. Brontzearen lehian, hau da, 3. eta 4. postuak erabakitzeko lehian, Ibarra B eta Berriozar aritu ziren lehia gogorrean. Ibarra B taldeak ez zuen Berriozar mendean hartzerik izan, beraz 4. postuarekin konformatu behar izan zuen. Lehen eta bigarren postuen lehian, berriz, Ibarra A eta Beti Gazte talde nafarra aritu ziren nor baino nor. Oraingoan, ordea, ibartarrak izan dira garaile. Tiraldi gogor batzuen ostean nagusitu ziren, Euskal Herriko txapeldun izatea lortuz. Urrezko domina lortuz urteari amaiera biribila eman zioten.

Lehen lau postuak horrela geratu ziren, beraz: lehen postuan Ibarra A, bigarren Beti Gazte, hirugarren Berriozar, eta laugarren Ibarra B. Ondoko lau tiralariek osatu zuten Ibarra A taldea: Lander Otermin, Agurtzane Beloki, Imanol Otermin eta Ainara Otamendi. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!