Abenduaren 11tik 18ra merkatu solidarioa egingo dute Ibarran

Ataria 2022ko abe. 8a, 19:59

San Bartolome plazan dauden parrokiko lokaletan jarriko dute merkatu solidarioa, Honduras eta Indiarako laguntza jasotzeko.

Eguberrien atarian, Ibarratik Misio Taldeak merkatu solidarioa zabalduko du abenduaren 11tik 18ra, San Bartolome plazan dauden parrokiko lokaletan. Honduras eta Indiako lurretan egiten ari diren proiektuetarako laguntzak jaso nahi dituzte. Azoka irekita dagoen egun horietan, goizez 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara zabalduko dute astegunez, eta 10:00etatik 14:00etara igandean.

Era berean, dendariei eta herritarrei deia egin die zenbait material oparitu ditzaten gero salgai jartzeko. Xabier Aierza Ibarratik Misio Taldeko kideak adierazi duenez, pixkana ari dira materialak jasotzen. «Denetarik jasotzen dugu: arropa, oinetakoak, bitxiak, altzariak, jostailuak... egoera onean eta saltzeko moduan dauden gauzak dira, orokorrean». Larunbatera bitartean jaso nahi dituzte produktu horiek; arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara, parrokiko lokaletan. 

Jasotako elementuei prezio sinbolikoa jarriko zaie. Aierzak kontatu du Indiatik ekarritako bitxiak edota arropak ere badituztela saltzeko eta baita espezieak ere. 

Lortutako dirua Honduras eta Indian martxan dituzten proiektuetara bideratu nahi dute. Hondurasen, esaterako, hamar urte inguru daramatzate txaboletan bizi den jendearentzat blokeekin egindako etxeak eraikitzen. Orain 20 urte izandako urakanak utzitako «miseria» arintzen saiatzen dira etxebizitza horiek eraikita. «Burdinazko teilatuak egiten ditugu, eta arraska eta dutxa ere badute gutxienez», kontatu du.   

Indian, berriz, ingeleseko eskola bat eraikitzen ari dira. «Kontua da pandemiagatik eta prezioen igoeragatik dirurik gabe geratu garela, eta amaitu gabe daukagu. Estruktura guztia eginda dago, barrukoa betetzea falta zaigu».  

Ibarrako Misio Taldetik urtero egiten dute Indiara bidaia, eta urtarrilean badute asmoa hara bidaiatzeko, horrela, proiektuaren jarraipena aurrez aurre egin ahalko dute. 

Hori horrela, merkatu solidarioan lagundu nahi duenak honako telefono hauetara deitu dezake: 650 416 949 (Marian) edo 678 844 539 (Juanma).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!