Sokatira taldeko neskentzat zilarra eta brontzea

Tolosaldeko Ataria 2022ko aza. 30a, 19:58

Euskal Herriko Sokatira Txapelketan 4x4ko lehia jokatu da, eta Ibarra A bigarren izan da eta Ibarra B hirugarren.

2022-2023 denboraldiko Euskal Herriko Sokatira Txapelketari hasiera eman diote asteburu honetan Antsoainen, Nafarroan. 4x4ko modalitatearekin ekin diote, eta 21 urte azpiko mailan (hiru jardunalditan burutuko dena) eta emakumezkoen kategorian lehiatu dira. Azken horretan lehen jardunaldia bera finala izan da; Ibarrako Sokatira Taldeak bi talde aurkeztu zituen eta emaitza ona izan zuten biek: zilarrezko eta brontzezko dominak.

Guztira, emakumezkoen kategorian bederatzi taldek hartu zuten parte. Hurrenez hurren: Amaiur, Antsoain, Araxes, Badaiotz, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea, Ibarra A eta Ibarra B. Ibarra A taldeko kideak Oihane Sarasola, Anne Belaunzaran, Saioa Iriarte eta Ainara Otamendi izan ziren, eta Ibarra B taldean Aiora Roteta, Laida Zabaleta, Alaitz Olano eta Leire Olano. Bi multzotan banatuta lehiatu ziren taldeak, multzo batean lau talde eta bestean bost, eta ondoren multzo bakoitzeko pareko postuak aritu ziren elkarren aurka. Hori horrela, 2. postuan zeudenen artekoa egin zen, sailkapen orokorrean 3. eta 4. postuak erabakitzeko. Bertan Ibarra B eta Txantrea lehiatu ziren, eta Ibarra B-k hirugarren postua eta brontzezko domina lortu zuen.

Azkenik, multzo bakoitzean lehen postuan amaitu zutenen arteko lehia burutu zen, eta bertan Ibarra A eta Beti Gazte taldeek parte hartu zuten. Aurreneko tiraldi erdiak ia 5 minutuko iraupena izan zuen eta bigarrena ere ez zen tiraldi makala izan. Eskualdeko taldea gogor ahalegindu zen. Azkenean, bigarren postua eta zilarrezko domina eskuratu zituen. Eskualdeko taldeak beraz, emaitza polita izan zuen, bi talde aurkeztu eta biak podiumean sartuta.

Argazkiak: POTRONKO

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!