Espaloia eta hoditeria egokitzen ari dira Euskal Herria kalean

Irati Saizar Artola 2022ko aza. 16a, 07:57

Euskal Herria kaleko 1-17 zenbakien artean ari dira obretan, eta bigarren fasean anbulatorio paretik 16. zenbakira egingo dituzte lanak.

Ibarrako herri sarreran hoditeria konpontzeko eta espaloiak egokitzeko lanak egiten ari dira azken asteotan. Momentu honetan, Euskal Herria kaleko 1-17 zenbakien artean ari dira obretan, eta bigarren fasean anbulatorio ataritik Euskal Herria 16 zenbakiraino esku hartuko dute. Hor ere espaloia berrituz. Denera bost hilabeteko epean amaitzea aurreikusi dute. 

Igor Zapirain Ibarrako alkateak azaldu duenez, legealdi hasieran herri sarreran egindako lanen jarraipena da honakoa: «2019an herri sarrerari buelta bat eman nahi genion, eta loreontzi eta edukiontziak dauden eremua txukundu genuen». Erabaki hori autoek espaloi gainean apartzen zutelako edota jarrita zegoen baranda jotzen zutelako hartu zuten. Orain, jarraipena eman nahi izan diote kalean gora eginda. 

Tolosatik Ibarrara sartuta dagoen ezker espaloian ari dira lanak egiten. Irisgarritasunari begira jarri dira eta bizilagunentzat eremu «erosoagoa» izan dadin, espaloia zabalduko dute. Horrekin batera, hoditeria berritzen ari dira. «Ikusi genuen erabat hondatuta zegoela, eta gainera hoditeria unitarioa zela, hau da, ur zikina eta euri-ura hodi beretik zihoazela, beraz, ingurumenari zor diogun errespetuagatik eta hala behar duelako, bakoitza bere hoditik joango da aurrerantzean». Hala, ur zikinak kolektorera joango dira zuzenean eta euri-urak errekara. 

Euskal Herria 1-3 artean espaloia «dezente» zabalduko dutela argitu du alkateak, eta 17ra arte ere zabaldu egingo dute, aparkaleku gehienak mantenduz: «Lehenbiziko hiruzpalau aparkaleku kenduko ditugu, baina gainerakoak mantendu egingo dira». 

Dagoeneko lehen fasea aurreratuta daukate: «Obrak oso ondo doaz, ez da inongo ustekabekorik izan». Lehen fasea amaitzearekin batera hasiko dira bigarrenarekin. 

Lanei jarraipena 

Bigarren fasean, anbulatorio ataritik Euskal Herria 16 zenbakiraino egingo dituzte lanak. Tutueriarekin arazo berdina daukate hor ere Zapirainek azaldu duenez, eta espaloia ere «nahiko gaizki» dago. «Eremu horretan bost bat zuhaitz daude, eta sustraiekin sekulako kalteak eragiten ari dira espaloi azpian; kendu beharra dauzkagu». Esan du lege bat dagoela, eta beraiek ere hala sinesten dutela, kendutako zuhaitza beste eremuren batean landatzeko. 

Zuhaitzentzako  lekua

Euskal Herria kalean zuhaitzak kendu bai, baina udalak badu beste proiektu bat zuhaitzak jarriko dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera ari da proiektu bat lantzen, Euskal Herria kalearen atzean, Bista Ona deitzen dioten lursailean. Anbulatoriotik errepidea gurutzatuta, aldapa igota dagoen mendia da, azken urteetan «beherantz» datorrena. Lurra eusteko proiektua da beraz esku artean dutena. «Bizilagunak eta udala oso kezkatuta geunden, eta aldundiarekin harremanetan jarrita, herri bide berri bat sortuko dugu eta bide berri horrekin batera 60 zuhaitz autoktono landatuko ditugu lur horiei eusteko». Hala, mendia egonkortu nahi dute. 

Aste honetan hasi dira sastraka kentzeko lanetan, eta behin lekua garbituta ikusiko dute benetan zenbateko lana dagoen egiteko. Hor egingo dituzten lanak ehuneko ehunean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko ditu. 

Parke berria

Hirigintzarekin jarraituz, Azkue auzoko parkea berritu zuen udalak udan. Prozesu parte hartzailea eraman zuen aurrera zer nolako parkea jarri erabakitzeko. Uzturpe ikastolako eta Gaztezuloko gazteekin lanketa bat egin zuten, gaztetxoen eskakizunak kontuan hartu eta nolako parkea irudikatzen zuten entzuteko. «Ideia mordo bat jaso genituen».   

Auzo galdeketa bat ere egin zuten, haien iritzia ere jasotzeko, eta ondoren, Kimu Bat enpresarekin jarri ziren harremanetan parkearen eredua definitzeko.  Produktu naturalak erabiliz, "natura gerturatu eta haurren irudimena eta sormena aske izateko" eremua egokitu dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!