Arratsalde berezia biziko dute bihar Belabietan

Ataria 2022ko aza. 11a, 07:59

Lauburu KE Ibarra areto futbol taldeak, Bigarren B Mailako ligako partida jokatuko du Otxartabe talde bilbotarraren aurka. Partida jokatu baino lehen, klubeko talde guztien familia-argazkia egingo dute eta Izarne Sarasolak ohorezko sakea aterako du.

Beste behin ere, Belabieta kolore morez betetzea lortu nahi du klubak. Hori dela eta, larunbat berezia antolatu dute, beti buruan izanik, zaleei areto futboleko ikuskizun on bat eskaintzea. Otxartabe aurkari gogorra izango dute aurrean Lauburuk. Egun, sailkapeneko bigarren postuan daude bilbotarrak eta, asteburuan hiru puntuak lortuz gero, aurrea hartuko lieke ibartarrek.

Ondorengo egitaraua antolatu dute biharko:

  • 17:30. Klubeko talde guztien familia-argazkia
  • Ondoren. 2B-ko jokalariek sinatutako baloiaren entrega joan den asteko argazki lehiaketako irabazleari
  • 18:30. Izarne Sarasola Realeko jokalari ibartarraren ohorezko sakea.
  • Jarraian. Lauburu KE Ibarra vs. Otxartabe partida.
  • Atsedenaldian. Benjaminen partida.

Klubak adierazi du «zirraragarria» dela herriak familia morearekiko azkenaldian erakutsi duen gertutasuna eta maitasuna. «Adibidez, pasa den denboraldiko azken jardunaldiei dagokienez, zaleen baldintzarik gabeko babesa funtsezkoa izan zen gure lehen taldea Bigarren B Mailan mantentzeko».

Antzera, nahiz eta aurtengo denboraldiaren hasiera ez den guztiz espero zutena izan, zuzendaritzan jakin bazekiten publikoak erantzungo zuela. «Eta hala izan da. Izan ere, hainbat jardunaldi jarraian daramatzagu Belabietako harmailak adin guztietako zaleekin betetzen, beti prest gure jokalariei energia kutsatzeko. Zalantzarik gabe, inoiz baino bereziagoa da bi aldeen arteko lotura eta, horri esker, dena askoz errazagoa da, eta, jakina, baita zirraragarriagoa ere».

Halaber, beraien grina Ibarrari helarazteko asmo handiko helburua lortze aldera, nabarmendu dute eragina izan dutela zuzendaritza-batzordeak abian jarritako dinamika desberdinek, besteak beste, bazkide bakoitzak partida bakoitzera pertsona bat gonbidatzeko aukera ematea edo Ibarrako Merkatarien Elkarteko kide diren saltokiei beren bezeroen artean banatzeko 5 sarrera oparitzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!