Mendi martxa arrakastatsua

Ataria 2022ko urr. 24a, 15:59

Bidetxur Mendi Taldeak antolatuta II. Mendi Martxa egin zuten atzo, Ibarran. Iaz baino jende gehiagok hartu dute parte, bi ibilbideen artean 100 pertsona inguru gerturatu ziren Ibarrara.

Juan Zubia Bidetxur taldeko kideak esan duenez giro ederrean eman zuten atzoko goiza. Bi ibilbide egon ziren aukeran, 32 kilometrokoa eta 20 kilometrokoa. "Ondo joan zen. 35 pertsona aritu ziren ibilbide luzean eta 65 motzean, iaz baino gehiago". Proba luzean bestelako mendi lasterketa batzuk prestatzeko gogoz zeuden askok hartu zuten parte, baina orokorrean ibilbideak lasai egiteko aukera egon zen atzokoan.

Motzekoek Uzturreko itzulia egin zuten, "Uzturreri itzulia eman genion, ia Irurara arte". Baina luzekoek aurrera jarraitu zuten eta Leitzarango bailarara jaitsi ziren, "horrek zuen berezitasuna zen 1.000 eskailera igo behar zituztela eta hiruzpalau kilometrotan ur kanala jarraitu zutela Belabietara joan aurretik, bertan ibilbide motzekoekin bat egiten baitzuten. Jendeari asko gustatu zitzaion ibilbidea".

Bidetxur Mendi Taldea

Talde berria da Bidetxur eta gogotsu daudela esan du Zubiak. Mendi duatloi bat, orientazio proba bat eta mendi martxa antolatu dituzte orain arte, eta iaz Bidetxur bezala federatzeko aukera zabaldu zuten. Aurrera begira lanean jarraitzeko asmoa azaldu dute taldeko kideek.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!