Gaur hasiko da 'Zubi bat euskaratik' hitzaldi zikloa

Ataria 2022ko urr. 19a, 10:56

Argazkia: Goiena.eus

Euskaltzaleen Topaguneak, euskal hiztunak formatu eta kontzientziatu eta bizilagunei harrera euskaratik eskaintzeko laguntza eskainiko du 'Auzoko' egitasmoa martxan den zortzi herritan; Ibarran, urriaren 27an izango da saioa.

Euskaltzaleen Topagunearen ustez, beharrezkoa da Euskal Herriko herri guztietan harrera linguistiko ez-formala egitea, anitzen arteko bizikidetza euskaratik bermatu ahal izateko. «Euskal Herrira atzerritik etorri diren pertsonek ezinbestekoa dute herriko euskarazko harreman sareak ezagutzea, eta hori herritarren eskutik jasotzea, elkarrekin euskararen eta aniztasunaren kontrako uste okerrak gaindituz, eta euskaratik zubiak eraikiz, gurean ditugun hizkuntza guztiei aitortza eta lekua emanez», azaldu dute.

Euskaltzaleen Topagunean ziur daude hizkuntzetatik bizikidetza eraiki dezaketela. «Gure bizilagunak euskarak irekitzen dituen aukeretara erakarri nahi baditugu, ezinbestekoa da aukera horiek zeintzuk diren ezagutzeko modua eskaintzea. Aldi berean, euskararen biziberritzeak aurrera egingo badu, gure herrietan dauden gainontzeko hizkuntzei beren aitortza eta lekua eman behar diegu, eta horretarako elkar ezagutu behar dugula», esan dute.

Horregatik guztiagatik, bizilagunei harrera euskaratik eskaintzeko euskaldunek ardura dutela esan du Topaguneak, eta euskal hiztunek formatu eta kontzientziatu egin behar dutela gaineratu du. Bide horretan, Topaguneak laguntza eskaini nahi du eta Zubi bat euskaratik hitzaldi zikloa antolatu du Auzoko egitasmoa martxan den zortzi herrietan. Gaur izango da lehen saioa, 18:30ean, Eskoriatzako kultur etxean.

Ibarran, urriaren 27an

Margaret Louise Bullen, Nedging (Erresuma Batua) herri txikian jaio zen, 1964an. 1991. urtetik Euskal Herrian bizi da, Bidasoa inguruan. «Euskal Herrira orain dela 30 urte etorri nintzenean, Bidasoaren inguruan kanpotik etorritako jende nahiko gutxi zegoen. Euskara ikasten hasi nintzenean, Uruguayko mutil batek eta biok bakarrik geneukan Estatu kanpoko jatorria. Egun, Euskal jendartea gero eta askotarikoagoa da. Hizkuntzen kudeaketarako eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalik eta gehien zabaltzeko aniztasun hori kontuan hartu behar delakoan nago», esan du.

Bristol Unibertsitatean Filologia Hispanikoa eta Frantsesa ikasiz, hizkuntzak kulturaren giltzarriak direla jabetu zen Bullen, eta Liverpool Unibertsitatera joan zen, Gizarte Antropologia ikastera. 2005etik gizarte antropologia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Urriaren 27an, Hitzanitza, euskara etorkizun anitzean hitzaldia eskainiko du Ibarrako kultur etxeko areto nagusian, 18:00etan hasita. «Hitzaldi honetan, Mikel Ozaita eta Ainara Santaquiteria antropologoekin batera egin genuen ikerlan batean oinarrituko naiz, aniztasunaren baitako eta euskalgintzaren baitako ahotsak azaltzeko, guztien iritzia kontuan hartuz ondorio komunak proposatzeko», azaldu du.

Egitaraua
  • Urriak 19, asteazkena, Eskoriatzan
    • 18:30ean, kultur etxean. Migratzaileak herritartzeko euskara behar dugu?  Hizlaria: Julen Zabalo, kultur etxean.
  • Urriak 24, astelehena, Gasteizen
    • 18:30ean, Landatxo Gizarte Etxean (Askotariko 1 gelan). Euskara eta immigrazioa EAEn. Hizlaria: Julia Shershneva.
  • Urriak 26, asteazkena, Aretxabaletan
    • 17:30ean, Zaraia aretoan. Euskara, immigrazioa eta eskola gurutzatzen direnean. Zenbait gogoeta. Hizlaria: Amelia Barquin.
  • Urriak 27, osteguna, Ibarran
    • 18:00etan, kultur etxean (areto nagusia). Hitzanitza, euskara etorkizun anitzean. Hizlaria: Margaret Bullen.
  • Urriak 27, osteguna Soraluzen
    • 18:00etan, Herriko Antzokian. Immigrazioa eta euskararen erronka berriak. Hizlaria: Xabier Aierdi.
  • Azaroak 4, ostirala, Oñatin
    • 18:00etan, kultur etxean (zine aretoa). Gipuzkoako hizkuntza-aniztasuna eta euskara; erronka berriak. Hizlaria: Belen Uranga.
  • Azaroak 7, astelehena, Donostian
    • 18:30ean, Okendo Kultur Etxean (areto nagusia). Euskaratik eta aniztasunean eraikitako etorkizuna. Hizlariak: Mikel Ozaita eta Onintza Olaizola.
  • Azaroak 10, osteguna, Arrasaten
    • 18:30ean, Kulturaten (Jokin Zaitegi aretoa). Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa: euskararen kudeaketa Nafarroan eredu gisa. Hizlaria: Amaia Nausia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!